5.607 kilo hiri hondakin bildu dituzte otsailetik urrira

Ataria 2021ko aza. 25a, 11:40

Urzain taldea arduratzen da hilero sakabanatutako zaborrak biltzeaz.

Ibarrako Udaletik azaldu dutenez, otsailetik urrira 5.607 kilo hiri hondakin sakabanatu bildu dituzte. Zabor sakabanatuek sortutako arazoari aurre egiteko helburuarekin, udala natura guneen zaintza gauzatzen ari da otsailaz geroztik. Horretarako, herrian sakabanatutako zaborraren jatorri-fokuak aztertu ostean, hilero Urzain taldeko kideak gerturatzen dira foku horietan (errekan, herrigunean, industrialdean, landa eremuan,…) aurkitzen diren zaborrak biltzera.

Udaletik esan dutenez, "itsas inguruneko zabor-isuriak arazo globala bihurtu dira eta areagotzen ari dira. Europako Ingurumen Agentziaren (EIEA) arabera, urtero 10 milioi tona zabor joaten dira munduko itsaso eta ozeanoetara. Kalkulatzen da hondakin horien %20 itsas jardueretatik datorrela, eta gainerako %80 lehorretik, neurri handi batean, kontzientziazio publikorik ez dagoelako; izan ere, ibaietan amaitzen duten hondakinak kontrolik gabe isurtzen dira, eta azkenean itsasora eta ozeanoetara iristen dira".

Bada, orotara, "Ibarrako puntu ezberdinetan kontzientziarik gabe botata utzitako" 5.607 kilo hondakin bildu dituzte otsaila eta urria bitartean. Horietatik, 184 kilo plastiko, 63 kilo paper, 462 kilo beira, 507 kilo metal, 698 kilo egur, 943 kilo eraispeneko hondakin edota 236 kilo errefusa jaso dute. Horiez gain, pilak, kotxeetako bateriak, sofak, hozkailuak edota kotxeen gurpilak ere topatu dituztela ohartarazi dute. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!