Bigarren postua lortu dute emakumeek 4x4ko sokatira txapelketan

Ataria 2021eko azaroaren 24a

Argazkia: POTRONKO

Larunbatean jokatu zen 250 kiloko 4x4 modalitateko emakumezkoen Euskal Herriko Txapelketa eta bigarren postua eskuratu zuten Ibarra taldekoek. Beti Gazte taldeak eraman zuen garaipena, baina oso zail jarri zizkioten lanak ibartarrek.

Izan ere, lehia oso borrokatua izan zen. Zortzi taldek parte hartu zuten txapelketan, eta guztiek guztien kontra tira egin zuten. Ibarra eta Beti Gazte taldeek azkeneko tiraldia euren artekoa jokatu behar izan zuten, bakoitzak aurreko guztiak irabazita zituztela. Bada, azken tiraldi horretan bakoitzak tiraldi erdia irabazi zuen, eta berriro beste tiraldi bat jokatu behar izan zuten. Horretan ere berdinketa egin zuten, eta azken tiraldi erdia jokatu behar izan zuten, eta hor Beti Gaztek irabazi zuen.

Hurrengo txapelketa asteburu honetan izango dute ibartarrek, eta bertan 4x4ko talde mistoak parte hartuko du. Urtarrilean hasiko dira zortziko modalitatean.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!