Jexux Mari Mujikak maila galdu du Gipuzkoakoan

Tolosaldeko Ataria 2021ko aza. 17a, 18:55

Gipuzkoako Lehen Mailako Aizkora Txapelketa jokatu zen igandean, Beasainen, eta bertan izan zen Jexux Mari Mujika ibartarra.

Sei parte hartzaile izan ziren eta azken postuan geratu zen Mujika, honenbestez maila galduz. «Ondo prestatu nintzen, eta saiatu ere bai, baina ez zen atera etxeko lana», esan du Mujikak. «Espero nuen denbora hobea egitea. Akaso hori gertatuta ere postu berean bukatuko nuen. Presioa ere dezentekoa nuen, aspaldidanik data hori markatuta nuelako, eta pena hori da, ez dudala etxeko lana egin».

Hurrengo denboraldian, beraz, bigarren mailan ariko da Mujika. «Aurretik ere izan naiz bertan, eta lehen mailara ere igo nintzen. Ahal dela saiatuko naiz berriro igotzen. Ikusiko dugu zenbaterako ematen digun gorputzak», esan du aizkolari ibartarrak.

Mikel Larrañaga izan zen txapelduna, lanak 29.37ko denboran eginez. Eneko Otaño (30.31), Julen Alberdi (34.16), Ugaitz Mugertza (35.13), Iñaki Azurmendi (36.17) eta Jexux Mari Mujika (39.36) izan ziren ondoren sailkatu zirenak. Hasieran dena emanda atera zen Mujika, agian gehiegizko esfortzua eginez. «Hori ez zen nire erritmoa, eta uste dut gero faktura pasa zidala. Egur handietara pasa ginen gero, eta betekada hartu nuen, eta bueltan oso arrastaka joan nintzen», zehaztu du Mujikak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!