Zerk ekarri zintuen Euskal Herrira?
Etxetik alde egin eta zuzenean Europara etorri nintzen, nire bizitza eraikitzera, bizimodu hobe baten bila. Beste errealitate batzuk ezagutu nahi nituen eta formazio profesionalean ere sakondu nahi nuen. Italian hartu nuen lur lehenik, eta lagun euskaldun baten bidez Euskal Herriaren inguruko informazioa lortu nuen, eta hona etortzea erabaki nuen.
Zerk bultzatu zintuen euskara ikastera?
Harremanek, orokorrean. Lagunen bitartez ikasi nituen lehendabiziko hitzak euskaraz. Izan ere, hona iritsi eta berehala euskaldunez inguratuta aurkitu nintzen, gogoa piztu zitzaidan beraiekin beraien hizkuntzan hitz egiteko. Asko gustatu zitzaidan hemengo jendea, hemengo bizimodua eta parrandak, eta konturatu nintzen euskara ikasteak lagundu egingo zidala errealitatera hobeto uztartzen, integratzen.
Eta euskara ikasten hasi zinen.
Hasieran Tolosako EPAn apuntatu nintzen. Klaseak astean behin bakarrik izaten genituen, eta horregatik erabaki nuen Tolosako Udal Euskaltegian apuntatzea. Salto handi bat eman nuen, asteko lau egunetan joaten nintzen klasera eta metodologia oso ona erabiltzen zuten. Klaseak interaktiboak ziren, irakasleak ere oso ondo prestatutakoak ziren, instalazioak ere onak, garai hartako oroitzapen politak ditut. Hizkuntza bat ikasteko zein metodologia behar den buruan nuen, eta horrek asko erraztu zidan bizitza. Eta noski, hizkuntza bat ikasten duzunean, bertan bizi bazara, beti daukazu aukera jendearekin hizkuntza horretan hitz egiten saiatzeko, beraz, ez dut oztopo handirik izan euskara ikasteko.
«Hizkuntza bat ikasten duzunean, bertan bizi bazara, beti daukazu aukera jendearekin hizkuntza horretan hitz egiten saiatzeko»
Horrez gain, telebista eta irratia euskaraz sintonizatzen nuen praktikatu ahal izateko eta kalean, jendearekin beti saiatzen nintzen ikasitako guztia praktikan jartzen. Hizkuntza berri bat ikasten dudanean koaderno txiki batean apunteak hartzea gustatzen zait, bisualki asko laguntzen didalako, eta kalean entzuten nuenarekin apunteak hartzen nituen. Esaterako, behin, «zemuz» hitza apuntatu nuen. Hurrengo egunean, euskaltegiko irakasleari galdetu nion hitz hori askok esaten zutela eta ea zer zen. Zer moduz esateko modu laburragoa zela azaldu zidan. Horrelako zalantzak apuntatzen nituen, behar guztiak ase arte.
Egunerokotasunean baliagarria zaizu?
Bai, inongo zalantzarik gabe. Alabekin ere euskaraz aritzen naiz.
Lanean ere bai?
Bai, une oro, beti euskaraz egiten dut. Lanean jendearekin hartu-emana izaten dut, eta parekoa euskaraz ari bada ni ere euskaraz aritzen naiz. Batzuetan, ea iparraldekoa naizen galdetzen didate; nire hitz egiteko moduagatik izango da.
Jendeak eskertzen dizu euskara ikasteko egin duzun ahalegina?
Bai-bai. Batzuk literalki hitzekin eskertzen didate, eta beste batzuk ez dute ezer esaten, baina jasotzen dudan tratuagatik eskertua sentitzen naiz. Jendeak euskaraz hitz egiten entzuten nauenean, tratua erabat aldatzen da. Euskara jakiteak harremanak egiteko eta komunikatzeko gertutasuna ematen dit. Beste herrialdeetan beraien hizkuntza jakinda bat gehiago zara eta hemen euskara baldin badakizu gehiago baloratzen zaituzte, euskaraz hitz egiten entzuten zaituztenean turista edo kanpotar izateari uzten zaio hemen.
«Euskaraz hitz egiten entzuten zaituztenean turista edo kanpotar izateari uzten zaio hemen»
Herri honetara iritsi, euskara ikasi eta jendearekin euskaraz mintzatu ahal izateak zer eman dizu?
Asko, izugarri eman dit. Hemengo kultura gertuagotik ezagutzeko aukera eman dit esaterako, edo lagun gehiago egitekoa ere bai. Euskal abestiak entzun eta ulertzea ederra da, baita euskaraz irakurri ahal izatea ere, edota alabei eskolako lanetan lagundu ahal izatea ere bai. Euskara jakiteak izugarri laguntzen dit, zentzu guztietan.
Euskara ikasteko zalantzan dagoenari zer esango zenioke?
Animatu egingo nuke, zalantzarik gabe. Izan ere, udal euskaltegiko langileak oso-oso onak dira, ederki pasatzen da klaseetan, modu dinamikoan ematen dituzte ikasgaiak eta beti prest daude ikasleei laguntzeko. Beraien nahia horixe da, jendeak euskara ikas dezala.