Glasgowko fartsa eta klima aldaketa

Erabiltzailearen aurpegia Manex Gurrutxaga Muñagorri 2021eko azaroaren 19a

Biden Glasgown. ATARIA

Glasgown ospatu den Klima Aldaketari Buruzko Konferentziak eta horren bueltako albisteek hartu dituzte azken asteetan komunikabideen lerroburu nagusiak. Glasgowkoa gisa horretako hogeita seigarren konferentzia izan da 1992az geroztik, Nazio Batuen Erakundeak klima aldaketari aurre egiteko konbentzioa sortu zuenetik. Azken hamarkadetan, egitasmo horren bueltan, Konferentzia, hitzarmen, politikari, protokolo eta bilkura asko izan badira ere, guztiak antzerki erraldoi baten parte izan dira.

Ez, ez da hau azken mendeetan giza-antolamendu kapitalistak eragin duen klima aldaketa eta bere ondorio lazgarriak zalantzan jartzeko zutabea, horren aurka ari direla dioten gobernu eta burgesiaren praktika kriminalak seinalatzekoa baizik.

Glasgowkoa bezalako konferentzien bitartez, egoeraren erantzuleak diren berberek klima aldaketaren aurka ari direnaren itxura eman nahi dute. Gainera, gizakiaren biziraupena bera ere zalantzan jarri duen arazo globalari aurre egin nahiko baliote beraien negozioak eta boterea areagotzeko helburu bakarrarekin egingo lukete eta inolaz ere ez motibazio etiko, emantzipatzaile edo aurrerakoiak eraginda. Esan nahi da, trantsizio energetikoa sustatzekotan, adibidez, horrek ireki ditzaken ekoizpen ziklo eta merkatu berriengatik izango da.

Glasgowkoa bezalako konferentzien bitartez, egoeraren erantzuleak diren berberek klima aldaketaren aurka ari direnaren itxura eman nahi dute

Funtzionamendu-logika horrek kokatu gaitu amildegiaren ertzean. Kapital-metaketa amaigabea eta plusbalioaren ekoizpena zentroan daukan gizarte ereduak sortu du egoera hori, mendeetan zehar luzatu den gutxiengo baten interes partikularrak ongizate kolektiboari gainjartzeak planetaren biziraupena bera ere zalantzan jartzea eragin du.

Erantzuleak beraiek dira eta arazoari irtenbidea langile klaseak eman diezaioke, bera baita bere emantzipazioarekin mundu berri baten hazia jar dezaken giza-taldea. Irtenbidea, baina, kontsumoaren esparruan zein norbanakoen eguneroko keinu txikietan kokatzen dutenak oker daude. Hori boteredunen intereseko borroka modua da, bidegurutze historiko hau ez dugu kontsumo indibiduala moldatuz gaindituko.

Gakoa ekoizpenean dago eta ez kontsumoan, boterearen auzia da antzerki erraldoi horrek ezkutatu nahi diguna. Alegia, ekoizpenaren gaineko kontrola nork eta zertarako duen seinalatu ezean eta ekoizpena modu arrazionalean, berdintasunean eta naturarekiko modu sostengarrian antolatzeko gaitasuna duen mugimendu politikoa eratu ezean arazoaren oinarriari erreparatu gabe jarraituko dugu, gizateria arazo hori eta etortzeke dauden beste hainbeste behin eta berriz errepikatzera kondenatuz.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!