Uemako kide izatea erabaki du Ibarrako Udalak

Ataria 2021ko aza. 12a, 09:43

Ibarrako Udalak atzoko osoko bilkuran hartu zuen erabakia. Beraz, Uemaren batzar nagusiak herri berrien eskaerak onartzen dituenean, mankomunitateko kide den 92. herria izango da Ibarra eta Tolosaldeko hogeigarrena.

Atzo iluntzean egindako udal osoko bilkuran hartu zuen erabakia Ibarrako Udalak, eta ondorioz Uemaren estatutuak onartu eta mankomunitateko kide izateko eskaera egin du. EH Bilduren sei zinegotzien eta EAJren 4 zinegotzien aldeko bozkekin hartu zuten erabakia. PSE-EEko zinegotzia aurka agertu zen. Beraz, aldeko 10 bozka eta aurkako bozka batekin hartu zuten erabakia.

Uemak emandako datuen arabera, 2016ko datuen arabera, euskaldunen indizea %74,86 da Ibarran. Oro har euskaraz bizi dira herrian, baina udalerri euskaldun gehienetan bezala, hauskortasunarekiko kezka ere badu udalak, edozein aldaketarekin egoera iraultzeko arriskua benetakoa delako. Euskararen kale-erabilerari dagokionez, esaterako, 2019ko datuen arabera %54,60ra egiten du behera ehunekoak, haurren (%79) eta gazteen (%66,92) artean datuak askoz hobeak diren arren. Uemako kide bihurtuta, Ibarrako Udalak euskararen biziberritzean hizkuntza politika sendo eta bateratuekin eragiteko asmoa du, elkarlanean, Tolosaldeko gainerako udalekin eta mankomunitatearekin batera.

Uemak abenduaren 18an egingo du batzar nagusia, Idiazabalen. Batzar horretan, ohi bezala urteko balantzea egiteaz eta urte berrirako plangintza onartzeaz gain, Uemako kide izateko herri berrien eskaerak ere aztertuko dituzte batzarkideek. Ibarra Uemako kide izatea onartzen dutenean, Tolosaldeko 28 herrietatik 20 izango dira mankomunitateko kideak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!