Herritarren iradokizunak biltzen ari da Ibarrako Udala, auzoz auzo

Ataria 2021ko aza. 10a, 11:59

Udala auzotarrengana gerturatu da auzoetan dituzten behar eta proposamenak jaso eta kontuan hartzeko; azaro amaieran Euskal Herria kaleko bizilagunekin jarraituko dute.

Legealdi hasieran ekin zioten Ibarran Auzoz Auzo ekimenari, eta pandemian geldialdia egin ostean, berriro ere martxan jarri dute. Auzoka bilerak egiten ari dira herritarrekin, auzoetan dauden beharrak, kezkak edota iradokizunak jaso, eta horiei erantzun bat eman ahal izateko. Igor Zapirain Ibarrako alkateak esan duenez, "auzotarrek dakite inork baino hobeto auzoaren egoera nolakoa den".

"Zinegotziok auzo batzuetan bizi gara, baina beste auzoetako errealitatea jakiteko, auzoz auzo elkartzea erabaki genuen", azaldu du. Esaterako, urri amaieran, Euskal Herria kaleko 1. zenbakitik 17. zenbakira bitarte bizi diren herritarrak elkartu zituzten. Azaro amaieran, kale bereko 52-64 bikoitietako eta 63-75 bakoitietako bizilagunekin egingo dituzte bilerak.

Zapirainek esan du, bilerak prestatzerako garaian, irizpide batzuk zehazten dituztela udaletik ere, zertan hobetu daitekeen edo gaizki dagoena identifikatzeko. "%80an eskariak kontuan hartzen ditugu, eta beste %20a ere garrantzitsua da guretzat, aurrekontuetan sartzeko". Beharrak beti joango direla sortzen dio alkateak. "Askotan ez da diru kontua soilik, gauza xumeekin egin daitezkeenak izaten dira", gehitu du.

Egitasmo horrez gain, herri programan txertatuta zituzten proiektu gehienekin ere aurrera doazela esan du Zapirainek. Apatta industriaguneko bigarren fasearekin datorren urtean hastekoak dira. Tolosako hilerri azpian, AHTko lurrekin betelan bat egin zuten, eta bertan eraikiko dute bigarren fase hori. Bitan egingo dute: lehenik urbanizatu egingo dute. "Behin urbanizatuta, jendeak partzela erosiko du eta bertan eraikitzeko eskubidea izango luke". Proiektu hori, Tailsa entitateak kudeatzen du, eta entitate horretan Tolosaldeko 17 udaletxek dute %24,5, Gipuzkoako Foru Aldundiak beste %24,5 eta gainerako %51 SPRI taldearena da.

Igerilekuaren gaia

Ez da gai berria igerilekuarena Ibarran. Urteak dira ibartarrak herrian igerileku bat jartzea eskatzen ari direla, "aspaldiko eskaria" da. Eta momentu honetan gaia lantzen ari dira udalean, Zapirainek esan duenez. Epe labur batean, gainera, urtea amaitzerako, herritarrekin partekatu nahi dituzte atera dituzten ondorioak eta hortik, herritarrek erabakiko dute gauzatu daitekeen edo ez, edo, behintzat, zer egin daitekeen. "Guk ideia batzuk jarriko ditugu mahai gainean eta ondoren, herriak erabakiko du", esan du alkateak. Bideragarritasunari begira daude eta kalkuluak egiten ari dira gaur egun. "Zenbakiak ikusi ditugun garaian, ordea, beldurtu egin gara", aitortu du. Gainera, azaldu du, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan ateratzekotan diren txartel baten berri izan dutela, kiroldegietan erabiltzekoa. "Kiroldegi guztietan txartel hori erabiliko balitz, Ibarrako Belabieta kiroldegiko bazkide izanda, beste edozein kiroldegitan sartzeko aukera izango luke, baina ez dakigunez txartel hori aterako duten edo ez, ezin dugu ezer aurreratu; hala balitz, ordea, gauzak erabat aldatuko lirateke".

Kilometroetan ere gertu

Datorren urtean beste erronka garrantzitsu bat hartuko dute Ibarran: Kilometroak. "Guretzat ere erronka handia da, auzolana eskatzen duelako antolatzeak, eta ditugun baliabideak, bai ekonomikoak eta baita ere azpiegiturenak jarriko ditugu antolakuntzarako", esan du alkateak. "Ilusioz" hartu dute euskararen aldeko festa herrian antolatzeko ardura.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!