Eneko Gurrutxaga eta Enara Oronoz garaile duatloian

Ataria 2021ko aza. 6a, 18:52

Amasarrak lehen aldiz lortu du Ibarrako proba irabaztea, eta iruindarrak pasa den urteko garaipena berretsi du.

Eneko Gurrutxaga amasarra eta Enara Oronoz iruñarra izan dira Ibarrako XI. Mendi Duatloiko irabazleak. Lasterketak 50 parte hartzaile izan ditu banaka, eta erreleboetan edo binaka 116 lasterkari aritu dira. Aurtengo proba, gainera, berritasunekin etorri da, izan ere, antolatzaileek egin beharreko bidean zenbait aldaketa egin dituzte. Batetik, ibilbidea aldatu dute, eta bestetik, probaren formatua bera. Hain zuzen, lasterka aritzeko lehen zatia txikitu eta hirugarren zatia handitu dute "aurreneko postuetan aldaketak izateko aukerak zabaltzeko".

Bada, gustura hartu dituzte aldaketak parte hartzaileek. Amasarrak azaldu duenez, askotan hartu du parte Ibarrako proban, baina, beti "egun txarra" egokitu zaio. "Gaurkoan, ordea, egun ona izan dut, eta oso gustura nago lortutakoarekin". Parte hartu duen azken bi probak irabazi ditu, tartean, Amasako mendi duatloia, eta postu on bat lortzeko esperantzarekin etorri dela Ibarrara esan du. "Formatu aldaketa, gainera, niretzat egokiagoa dela uste dut, eta azkenean nabaritu da".

Oronozek badaki zer den Ibarrako proba irabaztea, iaz bera izan baitzen emakumezkoetan garaile. Espainiako neguko triatloi txapelketa irabazia du, eta munduko txapelketan hamaikagarren postua lortu du aurten. Datorren astean Espainiako triatloi txapelketa jokatuko du, eta Ibarrakoa, entrenamendu gisa ere erabili duela esan du. "Sasoi onean aurkitzen naiz, eta aurten egin duten aldaketa nire onerako izan da".

Euskal Herriko Zirkuiturako baliagarria izan den proba luzearen aurretik proba herrikoia ere egin dute. 10 parte hartzaile izan ditu, eta hiru bikotek hartu dute parte. Egoi Agirrezabala izan da lehena lanak bukatuta helmugara iristen.

 

SAILKAPENA

Proba Luzea

Gizonezkoak

  1. Eneko Gurrutxaga 1.23.40
  2. Paul Bereziartua 1.26.00
  3. Iñaki Isasi 1.27.24

Emakumezkoak

  1. Enara Oronoz 1.44.22
  2. Ainara Uribarri 1.55.19
  3. Ainara Pequeño 1.59.37

Erreleboetan

  1. Teixeira/Ruiz de Alda 1.27.30
  2. Aranzabe/Ugarte 1.30.40
  3. Pagola/Leunda 1.33.58

 

Proba herrikoia

  1. Egoi Agirrezabala 39.20
  2. Ugaitz Azkarai 40.04
  3. Jurgi Plazaola 41.20

Erreleboetan

  1. Uranga/Alvarez 36.37
  2. Garmendia/Amundarain 37.35
  3. Iglesias/Agirre 47.00
Erlazionatuak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!