Kirol eta kultur egitaraua prestatu dute azarorako

Ataria 2021eko azaroaren 3a

‘Udazken egitaraua’ antolatu dute herriko eragileek, udalaren laguntzarekin; mendi duatloia egingo dute larunbatean.

Kirol eta kulturaz jantzitako Udazken Egitaraua aurkeztu dute Ibarran. Herriko hainbat eragilerekin elkarlanean osatu dute, eta azaro osorako antolatu dituzte jarduerak. Lehena larunbatean egingo dute: mendi duatloia, hain zuzen.

Nagore Zubillaga Kultura zinegotzia ilusioz agertu da "urteroko izaera duten hainbat ekitaldi berreskuratu eta berri batzuk gehitu" dituztelako. Ibarra "gauza gehiago egiteko gogoz" sumatzen dutela esan du, "egoerak ekitaldiak nolabaiteko normaltasunez egiteko aukera" ematen dielako, eta herritarrei tentuz parte hartzeko eskatu die eta, aldi berean, gozatzeko. 

Kilometroen aurkezpena

Ohiko formatuetatik gertu berreskuratu dituzte, esaterako, mendi duatloia eta Xexili eguna. Kontzertu, dantza ikuskizun eta hitzaldiren bat ere egingo dute, eta Uzturpe ikastolak 2022rako duen erronka "interesgarri" bati ere egingo diote kasu: azaroaren 26an, Kilometroak jaialdiaren aurkezpen ofiziala egingo dute. 

Egitaraua

  • Azaroak 6, larunbata
    11:00. Haurren mendi duatloia, plazatik abiatuta.
    15:20. Helduen mendi duatloia, plazatik abiatuta.
    (Bi probetako izen emateak kirolprobak.com helbidean).
  • Azaroak 12, ostirala
    18:00. Atzerriko ikasteken homologazioaren inguruko hitzaldia, kultur etxean.
  • Azaroak 14, igandea
    18:30. Amak taldearen kontzertua, Belabieta kiroldegian.
  • Azaroak 23, asteartea
    18:00. Xexili eguna, plazako aterpean.
  • Azaroak 26, ostirala
    Arratsalde / iluntzean. Kilometroak jaialdiaren aurkezpen ekitaldia, Belabieta kiroldegian. 
  • Azaroak 28, igandea
    19:00. ‘Haatik’ dantza emanaldia, Belabieta kiroldegian. 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!