Gipuzkoako Sahararren elkarteko lehendakaria da Adnan Dahi (Bir Lehlu, 1983) sahararra, eta 2004. urtetik bizi da Euskal Herrian. Egun Ibarran bizi da. Euskal Herria «oso solidarioa» izan dela beti azpimarratu du, eta abendurako karabana solidarioa Tindufeko errefuxiatuen kanpalekura abiatzekoa dela argitu du. Politikoki ere babestuak sentitzen dira, eta eskertuta eta itxaropentsu agertu da pasa den astean Europako Batasuneko Auzitegi Orokorrak eman duen epaiarekin.
Europako Batasuna eta Marokoren arteko arrantza eta nekazaritza akordioak baliogabetu dituzte.
Europako Batasuneko Auzitegi Orokorrak arrazoia eman dio Fronte Polisarioari. Europar Batasunak eta Marokok dituzten akordioak ez dutela balio adierazi du. 2016an errekurritu zuen Fronte Polisarioak lehen aldiz, eta arrazoia eman zioten. Europar Batasunak errekurritu egin zuen, eta errekurtso ilegalekin etekina ateratzen jarraitzen dute. 2019an berritu egin zuten, nahiz eta 2016ko lehenengo epaia saltatzen ari ziren. Polisariok errekurritu egin du, eta azkenean arrazoia eman diote. Onartu du Fronte Polisarioa dela Saharar herriaren ordezkari bakarra, eta honenbestez edozein gobernurekin akordioak sinatzeko eskumena duen bakarra. Fronte Polisarioak era guztietako akordioak sinatu ditzake bera delako saharar herriaren ordezkari bakarra; ateratzen den dirua saharar herriarentzat da. Bere lurra da, eta bereak ditu baliabide naturalak.
Europar Batasunak nahi duena egiten du?
Europar Batasuna beti nazioarteko legearen aurka doa. Arrantza eta nekazaritzatik etekina ateratzen dute, eta Saharako produktuak izan arren, ez zaie ezer axola. Baina, orain atera den epaiarekin Fronte Polisarioak legalki enpresen edota pertsonen aurka egin dezake, hauek nazioarteko eta Europako legeak apurtzen badituzte.
Noiztik ari zarete borroka honetan?
2006tik baliabide naturalen gaineko borroka honetan ari gara. 2016an Europako justiziaren aldeko epaia jaso zuen Saharak, baina Europar Batasunak legeari muzin egin eta nahi duena egiten jarraitu du. Sahararrak direla etekina ateratzen dutenak esaten du, baina hori gezurra da. Marokoar kolonoak dira Saharan bizi direnak, eta saharar direla esaten dute. Eta baieztatzen dute Mendebaldeko Saharan etekinak jasotzen ari direla, baina horiek ez dira saharar herria ordezkatzen dutenak.
Gezurretan ari dira?
Fronte Polisarioak esaten die benetan galdetzeko errefuxiatu kanpalekuetan bizi diren sahararrei, beraiek direlako Saharako lurren jabe bakarrak. Maroko lurra okupatzen ari da, eta Europar Batasunarekin duen akordioari esker, marokoar erregimenaren kutxara doa diru guztia. Eta diru horrekin armak erosten dituzte saharar herria kolpatzeko. Horrez gain, diru horrekin 2016az geroztik afrikar herrialdeak erosten hasi da, Mendebaldeko Saharan kontsuletxeak irekitzeko. Baina afrikar jendea ez da bertan bizi, eta bakarrik telebistan agertzeko egiten dute. Eta sententziak garbi dio, Sahararen ordezkari bakarra Fronte Polisarioa dela. Europak negoziaketak nahi baditu egin ditzala Fronte Polisarioarekin.
Bigarren epai hau 2016koa baino hobea da?
Lehen epaia ere oso ona zen. Garbi esan zuen Mendebaldeko Sahara ez dela Maroko, baina Europar Batasunak azpi jokoan jarraitu du. Berriz ere berdina esan du, baina pasa den astean ere, sahararrek itsasontziak arrantzan ikusi dituzte. Europako 110 itsasontzik egiten dute arrantza Saharan, eta horietatik 91 espainiarrak dira. Espainia da onuradun handiena Frantziarekin batera. Espainian PP edo PSOE egon gobernuan beti Maroko babesten dute. Migratzaileen krisia edo droga ez da mafien kontua gobernuena da.
Zer eskatzen du Fronte Polisarioak?
Europako buruzagiak ez daitezela eseri Marokokoekin negoziatzera. Lapurtutakoa erostea, lapurtzea da. Argi eta garbi Saharako baliabide naturalak lapurtzen ari dira. Europar Batasuneko sententzia dago, eta bertan garbi esaten da Fronte Polisarioarekin hitz egin behar dela. Beraz, negoziatzeko Sahararen ordezkaria den Fronte Polisarioarekin hitz egin behar dute. Nahi dutena negoziatu dezaketela, baina saharar herriarekin eta ez okupatzailearekin. Ez da posible okupatzailearekin negoziatzea, ez baita berea. Lapur bat da, eta nahi duena saltzen du eta nahi duen enpresa guztiei uzten die sartzen. 1.500 kilometroko luzera du Saharako kostak. Atlantikoa Mediterraneo itsasoarekin elkartzen da, eta arrain asko dago. Ez zaio ezer axola Marokori, eta Saharako hondarra ere Kanariar uharteetara saltzen dute.
Sententzia errekurritzeko aukera dute?
Espainiak Marokoren aurpegia zuritzen du Europarako Batasunaren aurrean, eta errekurtsoa aurkeztu nahi du Espainiak sententzia honen aurka. Bi hilabete dituzte, eta bitartean ustiatzen jarraituko dute Saharako lurretan. Lapurretan jarraituko du, eta ez zaio axola. Behin betikoa izan bitartean luzatzen jarraituko du.
Epaia behin betikoa izatea espero duzue?
Bai, hori da bi hilabetean espero duguna.
Zein da momentu honetan Mendebaldeko Sahararen egoera.
Gerran gaude. 2020ko azaroaren 13az geroztik Fronte Polisarioak gerra egoera ezarri zuen Mendebaldeko Saharan, Mauritania eta Mendebaldeko Sahara arteko Guerguerateko mugan, Marokok 1991n sinatu zuen su-etena urratutzat eman eta gero. 2.700 kilometroko harresiaren bueltan, Marokoko base militarrak erasotzen hasi dira. Egunero izugarrizko bajak daude, baina Marokok ez du esaten hori. Sare sozial bidez jakin dezakezu, baina heriotzen zergatia ezkutatu egiten dute. Debekatua dute gerraz hitz egitea, eta argazkiak ateratzea ere. Sahara gerran dagoela jakinez gero, Marokoko turismoa jaitsi egingo litzatekeelako.
Eta sahararrak ondo daude?
Zazpi hildako daude momentuz. Gu gara erasotzen dugunak. Gure herrialdean gaude, eta badakigu non eta noiz egin erasoa. Gure alde egiten du lurraldea ezagutzeak. Marokoarrek radarrak-eta dituzte, baina sirokoa dagoenean ez dute funtzionatzen. 45 urte daramatzagu horrela, eta azaroaz geroztik, ez gara geldituko eta ez ditugu utziko armak akordio bat sinatu arte.
Gipuzkoako Sahararren elkarteko lehendakaria zara. Zein da zure egitekoa?
Gipuzkoan bizi diren saharar guztiak biltzen dituen elkartea da. Sahararen independentziaren alde egiten dugu borroka, eta hemen Saharan gertatzen denaren berri ematen eta zabaltzen ahalegintzen gara. Saharar kultura eta euskal kulturaren arteko lotura egiten saiatzen gara, eta sahararrak euskal kulturan gizarteratu daitezen ere ahalegintzen gara, beste hainbat ekimenen artean.
Zenbat saharar bizi zarete Gipuzkoan?
Haur eta guzti zazpi milatik gora gara. Diasporarik handienetakoa da Gipuzkoa.