«Uste dut garrantzitsua izango dela denboraldia indartsu hastea»

Imanol Garcia Landa 2021ko ira. 29a, 19:59

Ingurukoak eta bere ibilbidean lagundu diotenak izan ditu gogoan Unai Iribar txirrindulari ibartarrak Euskaltel-Euskadi talde profesionalarekin hitzarmena sinatzerakoan.

Unai Iribar (Ibarra, 1999) txirrindulariak profesional izateko jauzia eman du Euskaltel-Euskadirekin datorren bi urterako hitzarmena sinatuz. Abuztuan izan zen taldearekin proba moduan Limousingo Tourrean, eta orain bi astez Italian eta Frantzian izango da bertako probetan parte hartzen.

Urtea bukatu bitarte Laboral Kutxa taldeko txirrindularia da Iribar, eta elkarrizketa hau egin eta hurrengo egunean, larunbatean, Ereñoko proban parte hartu zuen, beste garaipen bat lortuz. Helduz txapelketaren azken proba zen Ereñokoa, eta txapelketaren sailkapen orokorrean hirugarren egin du ibartarrak.

Iritsi da, beraz, txikitatik amestutako momentua Euskaltel-Euskadirekin sinatuta?

Esan daiteke, bai. Benjaminetatik hasi nintzenetik urte batzuk pasa dira. Benjamin, alebin, infantil, kadete, jubenil eta 23 urtez azpiko mailak pasa ditut, eta azkenean lortu dut profesional mailarako pausoa ematea. Oso kontentu nago, bai.

Nola jakin zenuen albistea?

Denboraldi honetako helburuetako bat sinatzea zen. Aspalditik taldearekin berarekin hitz egina nuen, aurtengo helburua aurrerapauso hori ematea zela, eta maila altxatuta, ea profesionaletara pasatzeko aukera hori gauzatzen zen. Horregatik negu oso ona egin nuen, eta horregatik denboraldi hasiera ere indartsu hasi nuen; emaitzek ere lagundu zidaten, eta horrek bide onetik jarri ninduen. Gero etorri zen aukera abuztuan Limousingo Tourra egiteko stagiare moduan, eta azkenean denboraldi guztiko lorpen horiek eta beraiek erabiltzen dituzten nire datuekin kontratua eskaini zidaten, eta oso gustura nago.

Bi urterako sinatzea ohikoa izaten da?

Txirrindulari bat lehen aldiz pasatzen denean, kasu honetan bezala Continetal Pro mailara, eta World Tour mailan ere berdina izango litzateke, gutxienez bi urteko kontratu bat eskaintzera behartuta dago taldea.

Sinatzerakoan inguruko jendea izan zenuen gogoan.

Bai, hori da. Azkenean ez duelako momentu onek bakarrik kontatzen, momentu txarretan hor egon direnak kontuan ditut, normalean gertu dituzunak, familia eta lagunak. Gero eskertuta nago Oriako Txirrindulari Eskolari, bertan benjaminetatik jubenilak arte egon nintzen, eta hor aritzen diren guztiek boluntario lana egiten dutela kontuan hartu behar da. Goierriko Txirrindularitza Bultzatuzera pasatu nintzen 23 urtez azpiko kategorian, eta horiez gain, eskertzen diot ere Euskatel-Euskadiri aukera emateagatik. Bestalde, selekzioarekin egon naizenean, masajista, mekaniko, prestatzaile fisiko..., azkenean puntu honetara iritsi arte nire prestakuntzan parte hartu dutenei eskertuta egon behar dut.

Bere aldetik, Euskaltel-Euskadiko zuzendariak esan zuen oso pozik daudela zu taldean izateaz eta espero dutela urte askotan bertan egotea.

Positiboa da taldeak nigan konfiantza izatea, eta horregatik eskaini didate kontratua. Jorge Azanza Euskatel-Euskadiko zuzendaria izateaz gain, nire prestatzaile fisikoa ere bada azken bi urte hauetan, eta progresio hori ematen lagundu dit bai fisikoki eta baita taktikoki ere, karrerako akatsak zuzenduz. Berari ere eskertuta egon behar dut momentu oro eman didan laguntzarengatik.

Nola definituko zinateke txirrindulari moduan?

Euskal Herriko lasterketetara oso ondo egokitzen naiz. Mendate ez oso luzeetan, 10-20 minutuko mendateetan, ondo moldatzen naiz normalean, eta gero talde txikitan iristerakoan abiadura puntu txiki hori ere badut, eta horregatik postu onak egiteko erraztasuna dut. Horrez gain, erregulartasun puntu hori ere badut. Denboraldi hasieran behin sasoia hartzen dudanean, gero hori mantentzea ondo eramaten dut.

Aurtengo urtea nola amaituko duzu?

Ereñoko lasterketa da Laboral Kutxarekin egindako azkena eta gero Euskaltel-Euskadirekin stagiare moduan Siciliako Giroa egingo dut, lau egunetakoa [atzo hasi zen]. Gero Italia iparraldera joango gara, bertan Lombardiako Giroaren aurreko lau klasikoak egiteko, eta handik Paris-Tours probara joango gara talde guztia, eta horrekin amaitutzat emango dugu denboraldia.

Proba hauek baliagarriak izango dira datorren urtean taldekide izango dituzunak hobeto ezagutzeko.

Egia esan, orain taldean dauden batzuk aurretik nirekin taldekide izandakoak ere badira. Beste batzuk lasterketetatik-eta ezagutzen ditut. Azkenean, Euskaltel-Euskadi Euskal Herriko taldea izanik, jende ezaguna dago. Orain bi astez egongo naiz taldearekin, eta horrek integratzen lagunduko dit, ez bakarrik taldekideekin, baita taldearen funtzionamendua gehiago ezagutzeko, eta baita tropelak berak ere nola funtzionatzen duen ikusteko.

Datorren urteari begira jarri zara? Zer helburu lortu nahi dituzun pentsatu duzu?

Momentuz ez dugu gauza handirik hitz egin. Bi aste hauen ondoren, hiru asteko atsedenaldia hartuko dugu eta gero azaroan hasiko dugu denboraldi-aurrea. Baina uste dut garrantzitsua izango dela denboraldia indartsu hastea. Kategoria horretara ondo egokitzeko eta beti ere moral pixka batekin hasteko garrantzitsua izaten delako hasieratik pauso onarekin hastea.

Lasterketa jakin batean parte hartu nahiko zenuke?

Kontziente izan behar naiz taldean bertan izen eta maila handiagoko taldekideak izango ditudala, eta lehenengo urte hau kategoria berrira egokitzekoa izango da. Hori kontuan izanik, beti gustuko izaten da etxeko lasterketetan parte hartzea, Euskal Herriko Itzulia eta Donostiako Klasikoa adibidez. Baina horiek izaten dira taldearen helburu nagusiak eta proba horietako zazpikoan sartzea oso zaila iruditzen zait.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!