Gazteei euren gaitasunak lantzen laguntzeko espazioa

Ataria 2021ko ira. 29a, 07:58

Iaz beira botatzeko edukiontziak margotu zituzten.

Urriaren 13an hasiko da Gaztezulo zerbitzua. Ibarrako haur eta nerabeei dituzten gaitasunak lantzeko edo berriak eskuratzen laguntzeko helburuz aritzen dira, eta izen ematea zabalik dago jada.

Gaztezulok urriaren 13an hasiko du ikasturtea. Izen ematea aste honetan egin behar da, urriaren 1a izango baita azken eguna, eta bi inprimaki mota daude; sei eta hamahiru urte bitartekoena eta hamalau urtetik gorakoena. Inprimakiak bete ondoren Gaztezulora edo kultur etxera eraman behar dira. Behin izen ematea bukatuta, kopuruak baimendutako afroak eta ratioak gainditzen badira urriaren 4an haur bakoitzari zenbaki bat esleituko diote eta zenbakia Whatsapp bidez jakinaraziko dute, urriaren 6an zozketa egingo dute eta urriaren 7an erreklamazioak egiteko aukera emango dute.

Gaztezulo haur eta gazteei zuzendutako doako zerbitzua da. Aisialdia lantzen dute, baina modu eraikitzailean. Ibarran arrakasta handia du eta aurreko ikasturteetan 200 bat haur eta nerabek hartu izan dute parte. Aurten 3 hezitzaile berri daude eta Irati Bordagaray da horietako bat. "Guk egiten duguna da aisialditik haur eta nerabeei hitza ematea sustatzea. Eskolaz kanpoko aisialdia da eta oso garrantzitsua da guretzat gazteek herriko dinamikatan parte hartzea". Pasa den ikasturtean herriko hainbat txoko txukundu zituzten, esate baterako. "Ikasturte honetan hainbat jarduerarekin jarraituko dugu, adibidez, berdintasunari lotutako proiektuarekin, eta horiekin batera dinamika berriak abiaraziko ditugu", esan du hezitzaileak.

Ikasturte honetan iazko funtzionamendu berbera izango dutela aurreratu du Bordagarayk; hau da, "aste batean LHko gazte talde batek izango du hitzordua eta hurrengo astean LHko beste taldeak. DBHkoen eta Batxilergokoen kasuan, ostiralero eta larunbaterako izango dute zerbitzua".

Egutegia fintzen ari dira oraindik, eta hezitzaileak esan du aldaketak baleude gazteen gurasoei jakinaraziko dizkietela.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!