Sokatiralariek, ateak irekita

Imanol Garcia Landa 2021ko ira. 22a, 19:59

Emakumezkoen sokatira taldeko kideak, Belabieta kiroldegian.

Ibarra Sokatira Taldeak hasi du denboraldia, eta gonbita egin dute bai emakumezkoen zein gizonezkoen taldetik bertara joan eta kirola probatzeko

Udan atsedenaldia hartu ondoren, martxan jarri dira Ibarrako Sokatira Taldekoak, emakumezkoetan zein gizonezkoetan. Aurreko astean egin zuten lehen entrenamendua emakumezkoek; taldean aurreko urtetik zortzi mantentzen dira eta beste bi gehitu zaizkie probatzen hasteko. «Bilera egin genuen denboraldia hasi aurretik eta zortzi geundela ikusi zen eta aurrera egitea erabaki genuen», esan du taldekidea den Oihane Sarasola ibartarrak. «Espero ez genituen baja batzuk izan ditugu, pena handiz, baina, lana eta beste kontu batzuk bateratzea ez da erraza, eta taldea utzi dute momentuz; hori bai, kanpotik ere etortzen da jendea».

Gizonezkoek ere taldea osatu ahal izan dute lehiatzeko, baina jende berriari ateak irekita daudela azaldu dute bi taldeetatik. «Ni iaz hasi nintzen», esan du Ainhoa Pagola belauntzarrak. «Ez naiz gaztetxoa, urte batzuk baditut. Emakumezkoekin taldeko kirol bat egin nahi nuen, eta iaz gustura egon nintzen eta hemen jarraitzen dut. Kirola egin nahi duten emakumeei animatzen diegu etorri eta probatzera; guk besoak zabalik hartuko ditugu». Hain justu, Sarasolak gaineratu du ez dela talde itxi bat: «Entrenamenduak hasi dira eta orain da momentua, probatu eta ikusteko ea gustatzen zaien edo ez. Adin guztientzako dago irekita».

Emakumezkoen taldea astearte eta ostegunetan elkartzen da, Belabieta kiroldegian, 19:00etatik 21:00etara. Aurrerago astelehenetan mutilekin elkartuko dira, batera entrenatzeko. Sokarekin egiten diren entrenamendu espezifikoez gain, indarra eta alde aerobikoa ere lantzen dituzte.

Pasa den asteburuan lur gaineko Munduko Sokatira Txapelketa egin da Getxon, eta behin hori bukatuta hasiko da federazioa lehiaketen egutegia zehazten. Ibarra goma gainean lehiatzen da eta horregatik ez du parte hartu Munduko Txapelketan, laguntzaile eta ikusle moduan taldeko zenbait kide bertan izan baziren ere. Aurreko denboraldian egin ahal izan zuten lehiaketa, baina ezohikoa izan zen, kategoria bakoitzean egun bakarreko jardunaldia egin baitzen, normalean zenbait jardunaldi egiten direnean. Azarotik aurrera espero dute Euskal Herriko txapelketekin hastea, eta ohiko egitura izango duela uste dute. Bestalde, datorren urtean goma gaineko Munduko Txapelketa izango da Herbehereetan, eta bertan parte hartu ahal izateko asmoa dute.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!