Unai Iribar Euskaltel-Euskadi taldean ariko da datozen bi denboraldietan

Tolosaldeko Ataria 2021ko ira. 21a, 10:52

Euskaltel-Euskadi taldeak hurrengo urteko lehendabiziko fitxaketaren berri eman du: Unai Iribar txirrindulari ibartarra. Laboral Kutxa taldean aritu da orain arte.

Unai Iribar (Ibarra, 1999) Euskaltel-Euskadi taldean ariko da 2022 eta 2023an. Aurten, amateur tropelean sekulako maila eskaini duela esan du taldeak. Murgian, Legazpin, Duranan eta Oñatin irabazi zuen; bigarren sailkatu zen Gorlan, Lazkaon eta Kantabriako Itzulian; brontzea eskuratu zuen Espainiako Txapelketan eta 15. postua erdietsi zuen Italiako Giroan; horrenbestez, Abiatzen Txapelketan nagusitu zen. Iribar Tolosako Oriako Txirrindulari Eskolan aritu zen eskolatik junior mailara arte; Goierriko TB taldean eta Laboral Kutxan lehiatu da 23 urteko azpikoetan.

Unai Iribarrek esan du profesional mailara emango duen jauziarekin "oso ilusionatuta" dagoela eta batez ere, jauzi hori Euskaltelekin, "nire txikitako talde erreferentearekin" eman duelako. "Oso eskertuta nago batez ere nire familiari eta lagunei, eta hona iritsi arte nire kirol heziketan parte hartu duten pertsona orori, hala nola, Oriako Txirrindularitza Eskolatik hasita, Goierriko TB taldeari eta azkenik Euskadi Fundazioari berari ere aukera hau emateagatik", gaineratu du. Aurtengo denboraldian laranja jantzi zuen Limousingo Tourrean, stagiare moduan. Bestetik, gipuzkoarrak amaitzear du Industria Prozesuetako Ekoteknologietako Ingeniaritza Gradua Mondragon Unibertsitatean. "Egundoko denboraldia egin du aurten amateur mailan, baina egia esan beti azaldu ditu dohainak, eta aurrerapausoak eman ditu urtero. Aurten, hamarreko sasoia egin du. Sendotasun horrek lagunduko dio profesionaletan. Etorkizuneko txirrindularia da; izan ere, errematatzailea da. Beraz, oso pozik gaude taldean eta espero dugu hainbat urte ematea gurekin batera", esan du, bere aldetik, Jorge Azanza Euskaltel-Euskadiko kirol zuzendariak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!