Irailak 30 da Auzokon izena emateko azken eguna

Tolosaldeko Ataria 2021ko ira. 20a, 14:50

Iazko ikasturte amaierako festa.

Hizkuntza aniztasuna aitortu, herritarren arteko harremanak sustatu eta kohesiorako euskara erdigunean jartzea du helburu Auzoko ekimenak. Ibarran 2016tik egiten dute.

Euskaltzaleen Topaguneak sustatzen duen egitasmoa da Auzoko, eta Tolosaldean 2016tik dago martxan, Ibarran zehazki. Ikasturte honetan egitasmoa abiarazi nahi dute berriz ere, eta izena emateko epea zabaldu dute. Irailaren 30ean izango da izena emateko azken eguna, eta eider@topagunea.eus helbidera idatzita edo 688 764 540 telefono zenbakira deituta egin daiteke.

Topaguneak azaldu duenez, Auzokok erantzukizun partekatuaren ideia du oinarrian, "hain zuzen, herrira etorri berriek edota orain arte euskararekin harremanik izan ez dutenek euskararako bidea egin dezaten, garrantzitsua baita euskal hiztunak diren herritarren parte hartzea zein inplikazioa". Hori dela eta, egitasmoan funtsezkoak dira euskaraz bizi diren herritarrak.

Ikasturte honetarako erronka berri bat jarri diote egitasmoari, Auzoko dagoen herrietan bertako eragileen artean aliantzak sortzea, hain zuzen. "Eragile hauek asko ekar dezakete Auzokoko taldeetara eta, alderantziz, Auzoko taldeek herriko aniztasunean aberasteko aukera eskaintzen dute". Bi profiletan banatzen dituzte parte hartzaileak; euskaratik gertu bizi direnak eta euskaratik urrun bizi direnak. "Horiek artean bi norabideetako hartu-emana sortzen da: batetik, euskarara lehen pausoak eman nahi dituzten herritarrei bide horretan laguntzeko prest dauden euskal hiztunak laguntzen diete prozesuan, eta bestetik, euskaratik urrun bizi diren herritarrek gure herrietako hizkuntza aniztasuna jabetzen eta aberasten dituzte euskal hiztunak", azaldu du Euskaltzaleen Topaguneak.

Aipatutako helburuak betetzeko ordu eta erdi inguruko saio irekiak egiten dituzte astero, eta hitzordu horiez gain, ekintza osagarriak egiten dituzte, herriko harreman sareak, eragileak edota ohiturak ezagutzeko eta horietaz gozatzeko helburuarekin.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!