"Bigarren bizitza ematen diegu altzariei"

Leyre Carrasco 2021ko ira. 19a, 18:13

Ibarrako azokan postua jartzeko aukera izan dute kultur lantegikoek; Arimadun Altzariak, ehoziriak eta pintura tailerrekoak izan dira bertan, hain zuzen. Arimadun Altzariak tailerraz eta aurtengo eskaintzaz aritu zaio Ataria-ri Ana Davila ikaslea.

Ana Davila, Enrique Fombellida, Mari Cruz Bengoetxea, Marijo Ruiz, Asun Aranguren eta Mari Carmen, Ibarrako Udalak urte osorako eskaintzen dituen kultur lantegiko tailerretako sei ikasle dira; Marta Minayak zuzentzen duen Arimadun Altzarien tailerreko ikasleak, hain zuzen. Euren tailerraren nondik norakoez eta aurtengo kurtsorako eskaintzaz aritu da Davila.

Zer egiten duzue arimadun altzariak tailerrean?

Ideia nagusia da jendeak altzari, egur, beira edota edozein material ekartzea, eta sortzen hastea. Ez duzu zertan etxean altzari zahar bat gordeta eduki behar. Guk altzari asko zaborretatik hartzen ditugu eta horiek erabiltzen ditugu, hau da, bigarren bizitza ematen diegu altzariei. Adibidez, ateekin gauza asko egin daitezke; markoak edo erlojuak, adibidez. Zuk zerbait ekartzea eta zer egin daitekeen pentsatzea da ideia. Librea da, nahi duzuna egin eta sortu dezakezu. Aulki bat ekartzeak ez du esan nahi aulki hori hobetu edo beste aulki bat egin behar duzunik. Aulki horrekin beste gauza asko egin ditzakezu.

Zein material erabiltzen duzue?

Materiala denen artean erosten da, eta ondoren, biltegian geratzen da aurrerago erabili ahal izateko. Tailerrean ez dugun material bereziren bat behar izanez gero, etxetik lasai ekar dezakezu, baina, oro har, hor ditugu tresna eta material guztiak. Asko tapizatzen dugu, esprai edo brotxa bidez margotzen dugu, eta produktu berriak erabiltzen saiatzen gara, hala nola, klarionaz egindako pinturak edo disolbatzailerik ez duten edo disolbatzaile-karga gutxi duten pinturak ere.

Zaborretik noizbehinka altzariak hartzen dituzuela aipatu duzu. Txangoak egiteko ohitura izaten duzue materiala biltzeko asmoarekin?

Pandemia baino lehen, azaroan normalean, urtean behin joaten ginen Frantziako azoka batera. Pandemiaren ostean, ohitura hori utzi egin behar izan genuen. Guk ez dugu txangoak egiteko ohitura handirik, baina ehoziri tailerrekoak bai. Horiek gehiago mugitzen dira, ehoziriko azoka askotara joaten baitira.

Non egiten dira tailerrak?

Tailerrak Ibarrako Kultur Etxean egiten dira, etxabe handi batzuetan. Instalazioa oso ona, handia, zabala eta aireztatua da, eta orain arte seguru egoten lagundu digu.

Beraz, orain arte ez duzue etenik edo geldialdirik izan?

Pandemian izan ezik, gu ez gara inoiz gelditu. Onartzen dugu beldurra eta arazoak izan ditugula udal itxiturak izan direnean, ikasle asko ezin zirelako eskolara joan. Baina tailerrak martxan jarraitu dute.

Zenbat pertsonez osatutako taldeak izan behar dira?

Tailer bakoitzeko taldeek gutxienez zortzi ikaslez osaturik daude eta gehienez hamabi. Tailer horiek adin eta pentsaera ezberdinetako jendearentzat zuzenduta daude. Ez duzu zertan erretiratuta egon beharrik tailerren batean izena emateko; jende guztiak parte hartu dezake. Egia da Ibarrako eta inguruko herrietako jende asko dagoela, baina edonondik etor daiteke jendea.

Zer eskaintzen du tailer bakoitzak?

Egunerokotasunetik deskonektatzeko eta beste gauza bat egiten hasteko balio dizu, hau da, bizitza-erritmoarekin ordu pare bat deskonektatzen lagunduko dizu. Gainera, talde trinko bat osatu dugu, eguna elkarrekin pasatu eta zure arazoak edota ilusioa partekatzeko.

Altzariak berritzea eta aldatzeaz gain, zein beste eskaintza daude?

Ehoziriak, patchwork, bainikak; pintura; eskulanak; iaz atera ez zen eta aurten berreskuratu duten sabel dantza tailerra; eta aurtengo nobedadea den enkuadernazio tailerra. Azken hori berria da, eta aurten egingo dute lehen aldiz. Egur taila tailerra ere badago, baino aspaldi ez dela talderik atera.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!