Ibarrako azoka berreskuratuko dute iazko etenaren ostean

Ataria 2021ko ira. 16a, 07:58

Ibarrako Udalak eta Hauspoa elkarteak antolatu dute azoka eta Emeterio Arrese parkean eta Erraketistak frontoian 30 postu baino gehiago izango dira igandean

Bueltan da Ibarrako Azoka. Udalak eta Hauspoa elkarteak ekimena berreskuratzea erabaki dute, iazko etenaldia eta gero. Honenbestez, igandean, Emeterio Arrese parkean eta Erraketistak frontoian 10:00etatik 14:00etara gauzatuko da XXI. Ibarrako Azoka. 30 postu inguru jarriko dira bertan eta besteak beste, elikagaiak eta artisautza produktuak izango dira, beti bezala, Ibarrako piperra ardatz hartuta.

Hauspoa elkarteko ordezkari Ixiar Arratibelek gaur egungo osasun egoerara egokitutako azoka egiteko antolatzaileek egin duten ahalegina aipatu du. Postuen kopurua erdira murriztu behar izan dute: «Dena den, betiko ildoari jarraituko diogu, lehentasuna herriko postuek dute eta gero eskualdekoek. Faltan dauden produktuak osatzeko kanpoko baserritarrei eta artisauei egiten diegu gonbidapena». Bitxiak, serigrafia lanak, altzari margotuak eta bestelako esku lanak izango dira salgai eta jatekoen artean barazkiak, txerrikiak eta garagardoa izango dira, besteren artean. «Ahalegina egin dugu xumeagoa bada ere azoka anitza izan dadin», esan du Arratibelek. «Esan gabe doa aurten kanpoan geratu direnek aurrerago parte hartzeko aukera izango dutela, behin martxa hartuta hurrengo urteetan lehengora bueltatzea baita gure asmoa».

Ibarra plaza «ona» dela uste dute antolatzaileek: «Guk ekoizpen ekologikoaren eta jasangarriaren alde egiten dugu. Gure helburua produktuak ekoizleen eskuetatik zuzenean kontsumitzailearengana helaraztea da».

Aurten, COVID-19a dela eta, segurtasun-protokoloa jarraituz, azoka gunean ezingo dira elikagaiak dastatu, musukoa jarrita eraman beharko da uneoro, tarteak zaindu eta pilaketak saihestu beharko dira. Igandean boluntario talde bat ariko da gerturatzen direnei argibideak ematen. Lehiaketa gastronomikorik egongo ez denez, Emeterio Arrese plazan eta Erraketistak frontoian jarriko dituzte postuak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!