Gutuna

Azken arnasera arte lanean

Bittor Etxeberria, Gillermo Ezeiza, Manuel Lizartza eta Jose Manuel Artola, Ibarra 2021ko ira. 14a, 09:33

Lehenik eta behin gure besarkadarik sentikorrena Pili, Unai, Arritxu eta gertukoenei. Bere izenean gauzak erdipurdi esatea ez liguke barkatuko beraz saiatuko gara idatzitxo honetan gauza batzuk argi eta garbi esaten. Azken arnasera arte lanean jarraitu zuen gure herri txiki honek munduan leku bat izan dezan, bere ahots propioarekin, hau da, bere buruaren jabe den herri bat amestu eta borrokatu zuen Pakok.

Pakoren haurtzaroa eta gaztaroa terroreak, tristurak eta zapalkuntzak markatu zituen, hitz batean tunel estu eta ilun batean eman zituen. Gure herria herri bezala asimilazio prozesu bortitz batean murgildurik zegoen, militar, guardia zibil, polizia, bankero eta aberatsak, eliza katolikoaren ezinbesteko laguntzarekin, jaun eta jabe ziren. Gure burmuinetan barne barneraino sartuak genituen. Askatasun eta eskubide guztiak debekatuak zeuden, hizkuntza desagertzear zegoen (baita herririk euskaldunenetan ere) eta erdara zen nagusi, gure kultura desagertzear zegoen, langileen esplotazioa azken muturreraino eramana zen, eskoletan txiki txikitatik Espainiako ereserkia kantatzera behartuak goiz goizetik... 
Egoera hartatik askatu beharra zegoen, kantak dioen bezala ezpata altxa eta hortz zorrotzak erakutsi, ez zegoen beste aukerarik. Pakok bizi izan zuen pasartea gure historian ahaztu ezina da guretzat eta baita ondorengo belaunaldientzat ere. Gure historiako momenturik eder, aberats eta zoragarrienetako bat bizi izan zuen, gogorra bezain askatzailea. 

Gaur Euskal Herria bere buruaren jabe izateko inoiz baino gertuago baldin badago, Pako bezalako milaka eta milaka pertsonen determinazio, eskuzabaltasun eta maitasunari esker izan da. 
1969an, frankismopean, EGIko militante izateagatik atxilotua izan zen, ikurrina toki publikoetan eskegi eta propaganda abertzalea zabaltzeagatik. 1980. urtean berriz, ETAri laguntza ematearen akusaziopean atxilotu zuten Herri Batasunako zinegotzi zelarik; frankismo osteko  lehen legegintzaldi hartan lan ugari zegoen herrian. Ikastolen alde, langileen eskubideen alde, presoen eskubide eta askatasunaren alde aritu zen bere bizitza osoan. Pakoren ekarpena herri honen askatasun borrokari, ez da eskudirutan ordaintzen dena.

Hemen eta munduko edozein txokotan, zapalduen eskubideak eta askatasuna, borrokatuz, borrokatuz eta borrokatuz lortzen dira. Ez dugu zalantzarik hori dela pertsonak egin dezakeen gauzarik ederrena eta Pakok ekarpen horixe utzi zigun.

Har ezak merezitako atsedena, Pako, ziur Euskal Herriko Amalurrak emango dikela.
Agur eta ohore Pako.

Bittor Etxeberria, Gillermo Ezeiza, Manuel Lizartza eta Jose Manuel Artola, Ibarra

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!