Ibarrako XXI. Azoka irailaren 19an izango da

Ataria 2021eko irailaren 10a

2019ko azoka bereziko argazkia.

Aurtengoak gune bakarra izango du Emeterio Arrese plaza eta Erraketistak frontoian; 10:00etatik 14:00etara izango da.

Iazko etenaldiaren ondoren bueltan da Ibarrako Azoka. Irailaren 19an ospatuko dute "aurrekoetan baino modu xumeagoan". Hauspoa elkarteak antolatu du beste behin azoka eguna, eta esan dutenez aurtengorako ahalegina egin dute "txikiagoa bada ere anitza" izan dadin.

Gune bakarra izango da, Emeterio Arrese plaza eta Erraketistak frontoian zehazki. Elikagaiak, artisauak, piperrak eta erakusketek osatuko dute azoka eta guztira 30 posturik gora izango dira. Eskulangintzan pieza bakarrak ikusteko aukera izango da. Elikagaiei dagokienez, ekoizpen ekologiko eta jasangarriaren alde egin nahi dute, bertako ekoizleen eskuetatik herritarrengana iristen den produktua bultzatuz.

Antolatzaileek esan dutenez, "urte askotan gure artean izan diren lagun dezente geratu da postua jartzekolekurik gabe; aurrerago parte hartzeko aukera izango dute, seguru". 

Protokoloaren arabera, azoka gunean ezingo dira elikagaiak dastatu. Musukoa jarrita eramateko eskatu dute eta tarteak zaindu eta pilaketak saihesteko.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!