39. San Bartolome Saria izango da jokoan larunbatean

Ataria 2021eko irailaren 2a

Ibarra Kirol Elkarteak antolatzen duen txirrindulari proba junior mailako mutilentzat da, eta kadete mailako bigarren urtekoek ere parte hartuko dute.

Guztira ehun txirrindulari inguru espero dituzte antolatzaileek larunbateko proban, eta tartean izango dira Limousin Oriako eskualdeko taldekoak. 10:00etan abiatuko dira herriko plazatik eta 92,5 kilometro egin ondoren helmuga Uzturpe Ikastolaren parean izango dute.

Ibilbideari dagokionez, Alegia aldera egingo dute hasieran, eta Ordizia eta Alegia bitartean hiru itzuli egin ondoren, Altzo aldera joango dira Txaramatik segi eta Tolosatik barrena Ibarrara joango dira. Helmugatik pasako dira behin eta ondoren Etxezarretako gaina igoko dute txirrindulariek berriro Ibarratik pasa eta lasterketa Uzturpeko Ikastolaren aurrean bukatzeko, bertako malda pikoa igoz. 12:15 edo 12:30ak inguru bukatuko dela aurreikusten dute.

 

Aurtengoa berez 40. lasterketa izan behar zuen, baina iaz ez zen egin ahal izan, eta horregatik 39. saria izango da. Datorren urtera zerbait berezia egiteko asmoa du Ibarra Kirol Elkarteak, urteurren biribila ospatzeko.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!