Lago de Sanabriako bi probatan hirugarren izan da Ioseba Mateos

Ataria 2021eko abuztuaren 31

Ioseba Mateos, Lago de Sanabriako probetan lortutako bi sariekin.

Igandean goizean parte hartu zuen Travesia a nado del Lago de Sanabria ur zeharkaldian Ioseba Mateos igerilari ibartarrak, 6.000 metro eta 1.500 metro distantzietan. Lehenengo proban polemika eta guzti izan zen.

Ordizia K.E.-ko igerilari ibartarrak 6.000 metroko distantzian hirugarren postua (1.35.10) lortu zuen 35 urtetik gorako gizonezkoen mailan, Raul Gonzalez (1.24.55) eta Maximo Carbajo (1.32.11) igerilarien atzetik. Sailkapen orokorrean laugarren izan zen. Berez, antolatzailea zen Gaztela Leongo Igeriketa Federazioak Gonzalez eta Carbajo deskalifikatu zituen zirkuituko buiak gaizki egiteagatik. "Arautegia argi zegoen: buia guztiak ezkerretara utzi behar ziren", azaldu du Mateosek. "Beraiek erreklamazio bat egin zuten, beraien GPS track-a erakusten metro berdinak egin zituztela esanez, eta antolatzaileek tentsioren momentuan beraien GPS-ak onartu zituzten". GPSak metro berdinak eman ditzakeela, baina buiak saltatu zituztela gaineratu du Mateosek. "Gaizki egina, buien arautegia ez baitzuten bete, tranpa eginez. Sari banaketaren momentuan igerilariak eta publikoa garrasika hasi ziren, iruzurra egin zutela esanez bi igerilariei", azaldu du ibartarrak. Erabaki horrek zuzenean eragin zion, bestela 35 urtetik gorakoetan lehenengo sailkatua izango zelako eta bigarrena sailkapen orokorrean.

Beste zeharkaldian, 1.500 metrokoan, 18 urtez gorakoetan hirugarren izan zen Mateos (21.38), Jorge Gimenoren (19.41) eta Ruben Perezen (20.13) atzetik. Sailkapen orokorrean zazpigarren izan zen Mateos.

Hurrengo zeharkaldia VI. Triple Corona Illas Atlanticas igeri zeharkaldia izango du ibartarrak, Ons eta Combarro artekoa. Larunbatean izango da, irailaren 4an, eta 23 kilometro distantzia izango da. Proba sei ordu inguruan igeri egitea izango da Mateosen erronka nagusia.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!