Goar Lopetegi CCC probako lehen euskalduna izan da

Leyre Carrasco 2021eko abuztuaren 28a

101 kilometro, 6000 metroko gorantzazko desnibela eta 2011 parte hartzaileen artean 19. postua lortu du korrikalari ibartarrak Italiako Courmayeurreko lasterketan.

Lasteketa hauetan hasierak beti azkarrak direla dio Goar Lopetegi korrikalariak, eta horixe bera erakutsi zuen ostiralean parte hartu zuen Italiako Courmayeurreko lasterketan (CCC). 06:01:24 denboran egin zuen 55 kilometro inguru dituen lehen zatia, Courmayeurretik Champeixera. "Ibilbidea ezagutzen nuen, duela bi urte hemen egon nintzelako eta dagoeneko 55 kilometroan erretiratuta nengoen. Nere aurtengo helburua Champeixen sei ordutan sartzea izan da. Horregatik, banekien 55 kilometroko lehen zatia abiadura handiko bidea izango zela", azaldu du. 

Bigarren zatian ordea, oztopoak hasi eta sufritzea tokatu zitzaion ibartarrari. "Malda gehiago topatu nituen, baina pazientzi handiz hartu nuen bidea", kontatu du. Hala ere, amorerik eman gabe, amaiera arte borrokan ibili zen. Izan ere, bere asmoa lasterketa guztia 12 ordutan egitea izan zen eta, Lopetegik 11:54:31 denborarekin bukatu du aurtengo CCC lasterketa.

19. postua eta lehena

2011 parte hartzaileen artean 19. postua eskuratu zuen ibartarrak. Espero gabe, helmuga zeharkatu zuen lehen euskalduna ere izan zen gainera. "Maila handiko lasterketa izan da, eta ez duzu inoiz espero lehenengoen artean bukatzea. Oso pozik nago, helmugara iritsi zen lehen euskalduna izan naizelako", esan du.

Opor txiki batzuk hartu baditu ere, jada datozen lasterketak ditu buruan Lopetegik: "Irailean Irati inguruan maratoi bat daukat, eta urrian berriz, Salamanca inguruko Ultrail La Covatillan ere parte hartuko dut. Azken hau 74 kilometro lasterketa izango da, laburragoa, hankak eskertuko dute".

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!