Unai Iribarrek oraingoz Laboral Kutxarekin jarraituko du

Tolosaldeko Ataria 2021ko abu. 24a, 17:21

Unai Iribar, tropeletik tiraka egiten, Limousingo Tourrean. ZOE SOULLARD

Aurreko astean Euskaltel-Euskadi talde profesionalarekin izan zen Limousingo Tourrean txirrindulari ibartarra. Afizionatu mailako Laboral Kutxa taldera bueltatu da Iribar, eta agian aukera izango du Euskaltel-Euskadirekin beste probaren batean parte hartzeko.

Euskaltel-Euskadiren bigarren taldea da Laboral Kutxa, eta momentuz bertan egongo dela azaldu du Iribarrek: "Lehen taldean beharra badago eta nirekin kontatzen badute, berriz ere beste aukera bat izan dezaket. Baina ez dago oraindik ezer zehaztuta". Pertsonalki zein talde bezala Limousingo Tourrean lan ona egin zutela dio Iribarrek, eta horrela azaldu ziela zuzendariak. Iribar bera bigarren etapan egon zen ihes eginda eta, bide batez, Euskaltel-Euskadiren helburua zena ere bete zuten, aurpegia ematea. Lehen etapan beste taldekide bat izan zen ihes eginda, eta batez ere hirugarren etapan egindako lana nabarmendu du Iribarrek: "Lan polita egin genuen talde bezala. Gogortu egin zen lasterketa eta mendate gogorrenean 60 bat txirrindulari geratu ginen. Gero, zazpiko talde bat ihes eginda egon zen, eta gure taldetik lan egin genuen ihesaldi hori harrapatzeko. Lan hori baliatuz, gure taldeko bi txirrindularik alde egin zuten talde nagusitik ihesean zihoazenak harrapatzeko, eta azkenean garaipena lortu ez bazen ere, egindako lan onarekin eta izandako protagonismoarekin geratu ginen".

Aldea nabaritu du afizionatu mailako lasterketa batetik profesional mailako batera, baina horrez gain Limousingo Tourrean izan dituzten errepide estuek probari emandako zailtasuna nabarmendu du: "Zabaleran txirrindulari bat edo bi sartzen ziren errepideak ziren, harri txintxarrarekin, eta erritmo oso handian, eta eraso askorekin ibili gara. Ihesaldiak ez ziren berehala egiten, eraso asko izaten ziren gero kontraeraso asko, eta lasterketa oso eroak izan dira. Alde horretatik, oso gogorrak izan dira".

Laboral Kutxarekin atzo bertan parte hartu zuen Elgoibarren karrera batean. "Erdiko erritmoetan ondo moldatu nintzen, baina estutu behar zenean ez nengoen nire onenean", esan du ibartarrak. "Limousingo Tourren egindako esfortzua, eta aurretik COVID-19a pasa ondoren izandako nekeak batu zitzaizkidan. Gainera eroriko bat izan nuen, ez zuela garrantzi handirik izan, baina ez zen nire egunik onena izan atzokoa". Gaur beste lasterketa bat zuen Gernikan, baina ikusita gorputza nekatuta duela, ez joatea erabaki dute Iribarrek berak eta taldeak. Hurrengo lasterketa Zegaman izango dute, datorren larunbatean, eta horretarako atseden pixka bat hartzea ondo etorriko zaio. Aurrerago, irailaren hasieran Kantabriako Itzulian parte hartzeko asmoa du, eta hortaz aparte, irailaren bukaera arte lasterketak izango dira hemengo egutegian.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!