Euskaltel-Euskadirekin debuta egingo du gaur Unai Iribarrek

Imanol Garcia Landa 2021ko abu. 17a, 11:04

Unai Iribar, Euskaltel-Euskadi taldearen maillotarekin.

Lau etapa dituen Limousingo Tour-ean parte hartuko du talde profesionalak, Limoges inguruan, Frantzian. Txirrindulari ibartarra gogoz dago parte hartzeko, gaixo egon ondoren geldialdia izan eta gero.

Proba moduan dago Iribar Euskaltel-Euskadirekin, hau da 'stagiare' bezala. "Ez nago orain kontratu batekin, baizik proba moduan, bekadun izango banintz bezala", esan du Iribarrek. Hortik aurrera ez daki Euskaltel-Euskadirekin jarraituko duen, edo afizionatu mailako Laboral Kutxara bueltatuko den. Aurreko astean egin behar zuen debuta Euskaltel-Euskadirekin, Norvegian, Artic Race proban, baina koronabirusa izan du, eta ezin izan zuen parte hartu. Limousingo Tour-aren ondoren jakingo du talde profesionalak berarekiko duen asmoa aurrera begira, eta aukerak izango dituen aurtengo egutegian lasterketa gehiagotan parte hartzeko.

Limousingo Tour-erako ez du asmo zehatzik Iribarrek, eta taldearen beharretara egongo dela azaldu du. "Taldearen helburua izango da etaparen bat irabazteko borrokan egotea, eta batez ere presentzia izatea ihesaldietan, ahal den itxurarik onena emanez. Kontuan izan behar da taldearen parte indartsuena Espainiako Vueltan dagoela", esan du Iribarrek. "Indibidualki aukera aprobetxatu nahi dut, esperientziaz gozatu eta esaten didatena ahalik eta ondoen egin. Ea indarrek laguntzen didaten".

Profesional mailako lehen lasterketa ez bada izango ere Iribarrentzat, bai arituko dela lehen aldiz talde profesional batean. Horrelako lehen parte hartzea, baina, koronabirusa pasa berritan iritsiko zaio. "Pena da horrela suertatzea baina etorri bezala hartuko beharko dugu", esan du ibartarrak. Uztaila bukaeran Madrilgo Itzulia izan zuen eta horren ondoren pasa zuen gaixotasuna. Etxean sartuta egon behar izan du, konfinatuta. Nahiko arin pasa du gaixotasuna, eta etxean zerbait entrenatu ahal izan du arrabolarekin. Hala ere, sasoi betean ez dagoela ikusten du Iribarrek: "Hamar egun etxean sartuta egon naiz, eta nahiko arin pasa arren, bere eragina ere izan du. Gainera, denbora hori errepidea ukitu gabe egotean, pixka bat galtzen duzu. Astebetez egon naiz entrenatzen errepidean eta espero dut horrek ere lagunduko didala proba honetarako".

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!