Unai Iribarrek Euskaltel-Euskadirekin amaituko du urtea

Ataria 2021eko abuztuaren 5a

Unai Iribar ibartarrak hirugarren postua lortu du 23 urtez azpiko Espainiako Txapelketan, aurten.

Txirrindulari ibartarra Euskaltel-Euskadi taldearekin arituko da aurrerantzean; "ilusioz gainezka" dagoela esan du, "berezia" izango dela.

Unai Iribar ibartarra da, Asier Etxeberria nafarrarekin batera Euskaltel-Euskadiren koloreak defendatuko dituen kide berria.

Laboral Kutxan aritu da orain arte Iribar, eta honako hitzak izan ditu Ion Lazkano Laboral Kutxako zuzendariak ibartarrarentzat: "Unai anbizio handikoa da, oso lehiakorra, beti umore onekoa eta txantxazalea". Benjaminetatik hasi eta jubeniletara bitarte, Tolosako Oriako Txirrindulari Eskolan korritu zuen Iribarrek, eta 23 urtez azpikoetan Ampo eta Laboral Kutxan. Denboraldi honetan, Murgian, Legazpin eta Duranan izan da garaile, Gorlan eta Urrakin bigarren egin du, 23 urtez azpiko Espainiako Txapelketan brontzea eskuratu du eta 15. egin du 23 urtez azpiko Giroan.

Iribar bera pozik agertu da eta esperientzia berria bizitzeko gogoz: "Ilusioz gainezka nago, etxeko taldeak nirekin egin duen apustuarekin. Egia da ez dela nire lehen esperientzia profesionala izango, baina berezia izango da talde honekin lasterketa batzuk egitea. Gogo handia dut eta, aldi berean, taldekide berriengandik asko ikasteko itxaropena dut". Eta Jorge Azanza Euskaltel-Euskadiko kirol zuzendariak ere izan ditu Iribarrentzat hitzak: "Juniorretatik aldea markatu duen txirrindularia da, urtero pausoz pauso aritu dena. Etorkizuna duen txirrindularia da".

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!