Unai Iribar ibartarra da Euskaldun Torneoko lider berria

Ataria 2021eko uztailaren 21a

Argazkia: Naike Ereñozaga Orue

Igandean, hirugarren izan zen Gatzagako lasterketan, bi taldekideren atzetik; datozen egunetan, proba gehiagotan lehiatuko da.

Bizikleta gaineko sentsazio ezin hobeei jarraipena eman, eta emaitza bikainak eskuratzen jarraitzen du Unai Iribar txirrindulari ibartarrak. Pasa den igandean, hirugarren helmugaratu zen, Gatzagan egin zen Euskaldun Torneoko laugarren proban, Dorletako Ama XLIII. Saria lasterketan.

Erabateko nagusitasuna erakutsi zuen Laboral Kutxa - Euskadi Fundazioa taldeak, lehen hiru postuak bereganatuz. Aietz Lasa eta Xabier Isasa elkarrekin heldu ziren helmugara, eta Unai Iribar taldekide ibartarra izan zen hirugarren, Lizarte taldeko Unai Esparzari esprintean gailendu ondoren.

Arlaban gaina (Arrasate) igaro ondoren, lasterketako bigarren igoeraren jaitsieran, hiru txirrindularik egin zuten aurrera: Lasak, Isasak eta Ibai Ruiz de Arkautek; hau ere Laboral Kutxa taldeko txirrindularia. Gatzagako helmugara heldu aurreko azken igoeran, ordea, bakarrik geratu ziren Lasa eta Isasa.

Lortutako emaitzari esker, Euskaldun Torneoko sailkapen nagusian hirugarren postutik lehenengora igaro da Unai Iribar. Asteburu honetan, Helduz eta Euskaldun torneoetako probak izango dira, eta beraz, aldea handitzeko aukera izango du txirrindulari ibartarrak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!