Lauburu Ibarra KE-k Euskal Ligan parte hartzea erabaki du

Tolosaldeko Ataria 2021ko uzt. 20a, 18:58

Klubeko kirolari gazteen prestakuntza-ibilbidea zabaltzeko asmoz, orain arte Ohorezko Jubenil Mailan aritu den taldea lurralde mailan ariko da 2021-2022 denboraldian.

Lauburu Ibarra Kirol Elkarteak apustu sendoa egin du datorren denboraldirako. Euskal Ligan parte hartzeko jauzia ematea erabaki du, oinarritik datozen jokalariak prestatzen jarraitu ahal izateko.

Liga honetan parte hartzeak Ohorezko Jubenil Mailan talderik ez izatea dakar. "Bertan izan dugun esperientzia ikaragarria izan da, azken urteetan hiru liga irabaziz. Halaber, aldaketa handi hau gauzatzeko erabakia jokalari gazteak 2B mailako taldetik gertuago sentitzeko helburuarekin hartzen da, Jota Arregi entrenatzaileari larunbatero euskarria emateko", adierazi dute klubetik.

Kategoria honetan izena emateak baditu bestelako ondorio batzuk. Txubelen taldeak, orain arte Gipuzkoako Senior Kategoriako 1. mailan jokatzen zuenak, kategoria bereko 3. mailan jokatuko du datorren denboraldian. Izan ere, klubak Euskal Ligara sartzeko erabili duen plaza beraiei zegokien. "Aldi batez ez gara kategoria horretan ariko, baina badakigu denbora gutxi beharko dutela galdutako mailak berreskuratzeko".

Euskal Ligan ariko den taldearen zuzendaritzari dagokionez, Aitor Arevalo izango da prestatzailea. "Teknikari guztiz trebatua eta inplikatua da, denboraldi bakoitzean bere gaitasunak erakusten dituena eta, beraz, klubaren konfiantza osoa duena".

Juaristi, berritua

Bigarren B Mailan jokatzen duen Lauburu Ibarra KE-ko lehen taldeko Xabi Juaristi jokalari tolosarrak beste urte batez defendatuko du ibartarren elastikoa; hirugarren denboraldia izango da hegaleko atzelariarentzat. Klubaren sare sozialetan adierazi duenez, "ilusioz gainezka" dago. Hainbat jokalarik taldea utzi ondoren, aldaketen urtea izango dela aurreratu zuten Lauburutik. Dena den, "iaz izandako joku mailari jarraipena ematea eta partidaz partida erregularragoa izaten saiatzea" izango dira Juaristiren helburuak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!