Emakumezkoen areto futbolean, aurrerapauso bat eman nahi du Lauburuk

Ataria 2021eko uztailaren 16a

Hurrengo denboraldian bi talde izango ditu Ibarrako klubak, infantil eta senior mailatan; horiek osatzeko jokalariak behar dituztenez, entrenamendu saioa prestatu dute, astelehenean, 18:00etan hasita, Belabieta kiroldegian.

Ilusio handiz aurkeztu du Lauburu KE Ibarra klubak, 2021-2022 denboraldian izango duen proiektu berezienetako bat. "Apustu garrantzitsua egingo dugu emakumezkoen areto futbolaren alde", adierazi dute. Izan ere, bi talde osatuko ditu klubak, honako maila hauetan: infantil mailan (2008-2009 urteetan jaiotakoak), eta senior mailan (2007ra bitarte jaiotakoak).

Azken denboraldian infantil mailan lehiatzen aritu diren neskak, kadete mailakoak izatera igaro dira. Kategoria horietan, ordea, ez dago nesken talderik, eta mutil taldeen aurka jokatu dituzte partidak. Aurten, ordea, kadete mailakoak izanda, senior mailan jokatzeko aukera dute; maila horretan bada nesken taldeez osatutako liga: Gipuzkoako 1. maila. Bertan, eskualdeko taldeak izan dira azken urteetan, hala nola, Laskorain, Anoeta eta Teep-Samaniego-Orixe. Aurten, Lauburu KE Ibarra gehituko zaie.

Halaber, azken urteetan, klubak lan handia egin du Lauburuk, harrobiko jokalariekin eskola sortuz, Ibarrako nahiz inguruko haurrek areto futbolean jokatzeko aukera izan zezaten. Iaz alebin mailan zeuden neskak, infantil mailakoak izatera igaro dira orain, eta beraz, maila horretan zuen postua mantenduko du; arestian esan bezala, mutilez osatutako taldeen aurka jokatuko dute.

Ondorioz, Lauburun badira taldeak eta jokalariak, baina neska gehiago gerturatzea dute helburu. Horretarako, entrenamendu saio baterako gonbita luzatu diete areto futbolean jokatu nahi duten eskualdeko infantil, kadete, jubenil eta senior mailako neskei. Astelehenean, hilak 19, izango da saioa, Belabieta kiroldegian, 18:00etan hasita. "Atzetik datozen gaztetxoentzat erreferente izango diren jokalariak nahi ditugu. Gure kirolak behar zaituzte; beraz, eraiki dezagun bidea elkarrekin", adierazi dute klubetik.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!