Garaipenetik oso gertu geratu da Unai Iribar

Josu Artutxa Dorronsoro 2021ko uzt. 15a, 19:58

Hierro garaipena ospatzen, Isasa eta Iribar atzetik dituela. Argazkia: Txirrindulariak

Txirrindulari ibartarra hirugarren izan da esprintean amaitu den Helduz Torneoko lehen proban; larunbatean Euskaldun Txapelketako proban ariko da, Gatzagan.

Pasa den igandean, Helduz Torneoko lehen lasterketa izan zen Antzuolan. Laboral Kutxa taldeko Unai Iribar txirrindulari ibartarra hirugarren sailkatu zen, Unai Hierroren eta Xabier Isasa taldekidearen atzetik. Proba gogorra zen, hiru mendaterekin, eta azkenengoan, San Asension, erabaki zen. «Lehen taldean heldu nintzen, baina zazpi segundora genuen hurrengoa, eta jaitsieran bat egin genuen. 15 bat lagun geunden, eta helmugaraino erasoak joz aritu ginen», esan du.

Helmugarako 2 kilometro geratzen zirela, Hierrok jo zuen erasoa, eta gainerakoen artean geldialdi bat izan zen; horrela, errenta txikia lortu zuen. «Bera harrapatzeko lan handia egin genuen hainbat taldek. Azken metroetan ere saiakera txiki bat egin genuen, esprintarekin, baina ez zen posible izan». Hala ere, denbora berean helmugaratu ziren lehen bederatzi txirrindulariak.

Momentuan bertan, pena sentitu arren, egindako lanarekin pozik geratu zen Iribar: «Azken bi hilabeteetan lan bikaina egiten ari gara, dinamika ederra daramagu, baina noski, ia ezinezkoa da beti irabaztea».

Igandean, baina, garaipena lortzeko aukera berri bat izango du ibartarrak, Gatzagan jokatuko baita Euskaldun Torneoaren laugarren proba. «Txirrindulari indartsu askok huts egingo dute, beste lasterketa batzuetan parte hartzen ariko direlako. Ondorioz, gu izango gara talde erreferentea, hau da, ardura handiena izango duena. Lehen erasoei arretaz erreparatu beharko diegu, baina amaiera gogorra duen proba denez, irabazteko aukera handia izango dugula iruditzen zait», aitortu du Iribarrek.

Txapelketa honen sailkapen nagusian, hirugarren postuan dago, lehen sailkatuarengandik lau puntutara. «Sailkapen nagusiari baino gehiago erreparatzen diot lasterketa bakoitzari», adierazi du. Denboraldian zehar lan oso ona egiten ari da, eta bizikleta gainean ere sentsazio onak izaten ari dela aitortu du. «23 urtez azpiko Giroan eta Espainiako Txapelketan aritu ondoren, atseden hartu eta erritmoa jaitsi dut. Udan ere egutegi betea izango dugu; hortaz, lanean jarraituko dugu», esan du ibartarrak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!