Ioseba Mateos hirugarren, X. UltraEbre Swim Marathon proban

Ataria 2021ko uzt. 15a, 11:59

Mateos eskuinean, Ebro ibaiko zeharkaldia amaitu ondoren. Argazkia: UltraEbre Swim Marathon

5 ordu, 42 minutu eta 11 segundo behar izan zituen igerilari ibartarrak, Tivenys eta Amposta herriak batzen dituen 31 kilometroko ibai zeharkaldia burutzeko.

Pasa den larunbatean, 31 kilometroko UltraEbre Swim Marathon ibai zeharkaldiaren hamargarren edizioa izan zen Tarragonan (Katalunia). Tivenys herrian hasi eta Ampostan bukatzen zen proba, estatuko zeharkaldi gogorrenen artean bigarren postuan kokatzen dena. 41 igerilari izan ziren, Europako hainbat herrialdeetakoak, eta partaideen artean izan zen Ioseba Mateos ibartarra.

Eguraldiaren eta uraren egoeraren aurreikuspenak ez ziren egokienak, eta bete egin ziren. «Korrontea alde izan nuen lehen zatian, baina azken 11 kilometroetan haizea aurka izan nuen, ia metro erdiko olatuekin. Asko sufritu nuen eta oso zaila izan zen helmugara iristea», azaldu du igerilariak.

Azkenean, baina, denboraldiko bigarren erronka bete zuen, eta 5 ordu, 42 minutu eta 11 segundoko marka eginez, hirugarren izan zen. Guille Matas izan zen onena, 5 ordu, 27 minutu eta 26 segundoko denborarekin, eta Xabier Gordoa bigarren, 5 ordu, 35 minutu eta 54 segundoko markarekin. «Lehen esperientzia izan da ibaian, ultra distantzian, eta oso pozik nago, espero gabeko emaitza lortu nuelako», adierazi du Mateosek.

Hilaren 24an eta 25ean izango ditu Mateosek hurrengo zeharkaldiak, biak itsasoan. Batetik, 5 kilometroko Zarautz-Mollarri-Zarautz lasterketa; bestetik, 3 kilometroko Zarautz-Ubiri-Zarautz proba. Koronabirusaren intzidentzia-tasa 300dik gorakoa izanez gero, bertan behera geratuko dira bi zeharkaldiak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!