Lauburu Ibarra utzi dute hiru jokalari garrantzitsuk

Imanol Garcia Landa 2021ko uzt. 8a, 19:59
Andoni Carlosena, Andoni Zumeta eta Endika Uribe.

2. B mailako taldean ez dute jarraituko Andoni Carlosenak, Andoni Zumetak eta Endika Uribek.

Hiru jokalari garrantzitsuk ez dute areto futboleko Lauburu Ibarra 2. B mailako taldean jarraituko. Taldea uztea erabaki dute Andoni Carlosena Antxon ezkaroztarrak, eta Andoni Zumeta eta Endika Uribe tolosarrek. Carlosenak bost denboraldi egin ditu Lauburun, eta taldea uztearen arrazoi jakinik ez duela dio: «Kilometro asko egin ditut, ordu asko autoan, gero eta pisutsuago egiten zen, eta ehuneko ehuna emateko indar gutxiagorekin sentitzen zara. Kirola etapaka doa eta sentitzen nuen Lauburuko nire etapa bukatu zela».

Buruan dituen lan proiektuei denbora emateko hartu du Zumetak Lauburu uzteko erabakia. «Kirol semiprofesionala da maila horretan, eta denbora asko eskatzen dizu», gaineratu du. Hamar denboraldi egin ditu taldean, bi etapa ezberdinetan, eta azken honetan bost urte egin ditu jarraian.

Aurreko urtean taldea uzteko asmoa zuen Uribek, baina COVID-19arengatik ezin izan zen denboraldia bukatu eta beste batez jarraitzea erabaki zuen. Aurten lesioengatik ia denboraldi erdia ezin izan du jokatu eta horrek ere bere pisua izan du taldea uztearen erabakian. Bost denboraldi egin ditu Laubururekin.

Lauburuk «dena» eman diola esan du Carlosenak. Lehenengo egunetik «modurik onenean» tratatu dutela azaldu du, bai zuzendaritzak zein jokalariek. «Zaleei ere eskertu nahi nieke, eta baita Ibarrako herriari, urte hauetan jasotako tratuarengatik». Lauburuko parte izatea bizitza osoan berarekin eramango duen zerbait dela gaineratu du.

Zumetari bereziki Lauburuk lagunak eman dizkiola esan du. «Nahiz eta topikoa izan, hori da garrantzitsua, eta espero dut bizitza guztirako gordetzea lagun horiek». Duela hiru urte Bigarren Mailara igotzeko puntu batera geratu ziren, eta etxean jokatutako partida bat du bereziki gogoan Lauburun egindako ibilbidean: «Hiru jardunaldiren faltan, 4-0 irabazten ari ginen eta azkenean launa bukatu genuen. Gerora partida horretaz gogoratu behar izan genuen denbora askoz Bigarren Mailara igotzeko fasea jokatzeko aukera guztiak galdu genituelako».

Kirola «serioago hartzea eta diziplinatua izatea» eman dio Lauburu taldeak Uriberi. «Horrelako talde batek eskatzen dizu horretara dedikatzea. Denbora asko eskatzen du, baina atezain bezala asko ikasi dut. Inplikazio handiagoa izaten ere erakutsi dit». Denboraldi hasieran lesionatu zen Uribe eta horrek bere azken urtearen bizipena asko baldintzatu dio. Ibilbideari begiratuta, gogoan du bereziki Errege Koparen kanporaketa jokatzea Belabietan, Bigarren Mailako talde baten aurka.

Modu berezian bizitu du Carlosenak azken denboraldia. «Nire azken denboraldia zela sentitzen nuen eta entrenamendu zein partida bakoitza guztiz disfrutatu nahi izan ditut». Carlosenak areto futbolean jarraituko du beste talde batean, baina oraindik ez da albistea ofizial egin eta ez du taldearen izena aurreratu. Lauburuk jokalari bat galdu badu ere, zale bat irabazi duela esan du.

Azken zortzi urteak Tolosako Laskorain areto futbol taldeko zuzendaritzan ari da Zumeta, beste lagun batzuekin batera. «Nire pisua jaitsi arren, lotura hori izaten jarraituko dut», esan du, eta ondoren gaineratu du Laubururekin harremanetan jarraituko duela zale moduan: «Nire asmoa areto futbola ikusten jarraitzea da eta datorren denboraldian bazkide egitea pentsatzen dut».

Uribek ez du jarraituko oraingoz areto futbolarekin lotuta. «Urte hau sabatikoa izatea nahi dut arlo horri dagokionez». Hala ere, gogora ekarri du klubak badakiela prest dagoela laguntzeko gaztetxoen taldeekin. Taldearen zale izaten jarraituko duela gaineratu du eta etxeko partida guztietara joaten saiatuko dela.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!