'Ez dok Hiru Akustikoa' eskainiko dute bihar Ibarran

Tolosaldeko Ataria 2021ko uzt. 8a, 11:58

Hauspoa kultur elkarteak antolatu du saioa eta Mikel Martinez eta Patxo Telleria aktoreek hartuko dute parte, Adrian Garcia de los Ojos musikariaren laguntzarekin

Publiko helduari zuzendutakoa, euskarazko antzerki lana da Ez dok Hiru Akustikoa. Tartean teatro konpainiak aurretik pare bat urtean eskainitako Ez dok Hiru. Euskal musikaren benetako istorioa lanaren moldaketa da. Bihar, ostirala, 22:00etatik aurrera ikusi ahal izango da Ibarrako Emeterio Arrese parkean.

Patxo Telleria Tartean konpainiako kideak azaldu duenez lanak izandako arrakastak bultzatuta sortu dute formatu txikiagoko emanaldia: «Antzoki handietan eta programazio iraunkorretan eskaintzekoa zen Ez dok Hiru. Euskal musikaren benetako istorioa baina herri txikiagoetatik deitzen hasi zitzaizkigun, eta beste era bateko agertokietan eskaintzeko moldatu genuen. Dena den, ardatza berdina da, Mikelek eta biok antzezten dugu eta Adrian Garcia de los Ojos aritzen da musikari gisa».

ERREPASO IRONIKOA

Zuzeneko musikaren indarra, umorea eta euskal musikari egiten zaion omenaldi «bero eta hunkigarria» da ikuskizuna. «Euskal musikarekin, euskal kulturarekin eta euskararekin barre egiteko eta ondo pasatzeko aitzakia bat da azken batean, euskal musikari ematen diogun errepaso ustez historikoa, eruditua eta akademikoa, baina aldi berean ironiko, absurdo eta dibertigarria da».

Euskal kantutegian oinarritutako antzerki ikuskizuna da eta Telleriaren esanetan 200 euskal abestiren zatiak edo aipamenak egiten dituzte ordubete pasatxoan. «Gure musika ondarea altxor bat da, gure memoria historikoaren lekuko emozionala. Ikusleek uste baino euskal kantu gehiago ezagutzen dituzte eta erreferentzia komun horiek edukita guretzako errazagoa da umorea egitea», aipatu du aktore eta lanaren egileak.

Martinezek eta Telleriak elkarrekin egin dituzten gainerako ikuskizunetan ohikoa den estiloa nagusitzen da Ez dok Hiru Akustikoa antzezlanean ere, «estilo eroa, deskonzertantea eta irrigarria izan daiteke azalez, baina azal horren poro bakoitzean geure musikarekiko maitasuna dago». Zuzeneko musikaz, antzerkiaz eta umoreaz gozatzeko aukera izango da, beraz, Hauspoa elkarteak antolatutako saioan, bihar, 22:00etatik aurrera Emeterio Arrese parkean.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!