Amaitutzat eman dute Auzoko egitasmoaren aurtengo ikasturtea

Tolosaldeko Ataria 2021ko uzt. 8a, 11:59
Pasa den ostiralean izan zuten ikasturte bukaerako festa. Iturria: Ibarrako Udala

Uztailaren 2an Ibarran bildu ziren egitasmoan parte hartzen duten auzotar eta auzokideak; balorazio «oso positiboa» egin dute proiektuan parte hartzen dutenek

Euskararen biziberritzean eta euskaltzaleen mugimenduan hizkuntza aniztasuna lantzeko beharra ikusten du Euskaltzaleon Topaguneak. Horretarako Auzoko egitasmoa du martxan, eta hemen Tolosaldean, 2016tik gauzatzen da ekimena Ibarran. Euskaratik urrun bizi den orori harrera hizkuntzatik egitea eta elkar ezagutzeko espazioak sortzea da proiektuaren funtsa.

Talde bakar batekin abiatu zuten ibilbidea Ibarran eta aurtengo ikasturtean bi talde aritu dira, bata goizean eta bestea arratsaldean. Izaskun Urrestarazu Auzoko proiektuaren dinamizatzailea da: «Oso ikasturte positiboa eta emankorra izan da». Aurtengo kurtsoari amaiera emateko joan den uztailaren 2an bildu ziren parte hartzaileak ekintza batean parte hartzeko: «2014tik Auzoko egitasmoaren jaia egiten dugu ekimenean parte hartzen dugun herri guztiok. COVID-19arengatik aurten ezin dugu jai handirik ospatu baina auzokide eta auzotarrek ikasturtean zehar egindako lana balioan jartzeko ekintza egin dugu». Ibarrako piperrek baratzetik platerera bitarteko prozesua nolakoa den ezagutzeko aukera izan zuten parte hartzaileek ostiralean. «Hamar hilabeteetan eraiki diren harreman sareen erakusleiho izan zen ikasturte bukaerako jarduera», esan du Urrestarazuk.

AUZOKIDE ETA AUZOTAR

Euskaratik urrun eta euskaratik gertu bizi diren herritarrak elkartzen ditu egitasmoak. Auzokideak dira euskaratik urrun bizi direnak eta auzotarrak, berriz, euskaratik gertu bizi direnak. Urrestarazuk azaldu duenez auzokideen beharretatik abiatzen dituzte saioak Ibarran. «Askok seme-alabak ikastolara eramaten dituzte eta haiei etxeko lanetan lagundu ahal izateko hasten dira taldera gerturatzen. Haien bilakaera ikustea niretzat oso pozgarria da».

Aurtengo parte hartzaileetako asko berriak izan direla azpimarratu du saioaren dinamizatzaileak eta ekimenaren balorazio «oso positiboa» egin dutela nabarmendu du. «Ulermena landu dute gehienbat, ahalegin handia egin dute eta orain ahozkoan saltoa ematea falta zaie, baina bagoaz pixkana aurrera».

Urrestarazuk euskaratik gertu dauden herritarrak animatu ditu Auzoko egitasmoan auzotar bezala parte hartzera. «Laguntzeko modu polita da eta aldameneko etxean bizi dena ezagutu eta haren hizkuntzara gerturatzeko aukera ematen du proiektuak». Ibarran martxan dituzten bi taldeetan zazpina lagun biltzen dira, batez beste.

Datorren ikasturtean Auzoko egitasmoak jarraituko du Ibarran eta parte hartu nahi izanez gero, ibarrauzoko@gmail.com helbidera idatzi beharko da. Urrian hasiko dituzte saioak. «Gainontzeko hizkuntzak aitortuz aurrera begira gabiltza euskararen ahalduntzean. Elkarbizitza orekatu eta osasuntsua sustatu eta bizikidetzarako espazioei ateak zabaltzea da helburua», aipatu du Urrestarazuk.

Erlazionatuak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!