Elkarrizketa

«Aurrerapausoa emateko asmoz noa Melillara»

Imanol Garcia Landa 2021ko uzt. 7a, 07:59

Bi urtez Leyma Coruñan egin ondoren, datorren denboraldian Melilla Sport Capital taldean ariko da Gaizka Maiza (Ibarra, 1996) saskibaloi jokalaria. Urrezko LEB mailan jarraituko du, beraz, joko antolatzaile ibartarrak.

Nola izan da azken denboraldia Leyma Coruñan?

Nik uste dut nahiko denboraldi txukuna egin dugula orokorrean, baina bai jokalariek eta klubeko jendeak buruan genuela behintzat igoera faseko finalera iristea. Azkenean finalerdietan kanporatu gintuzten. Uste dut finalean zerbait polita egiteko aukera genuela eta jokalariak bagenituela. Denboraldian zehar lesioak izan genituen eta jokalariak aldatu behar izan ziren, eta hori kontuan hartzekoa da.

Taldearen helburua ACB mailara igotzea zen?

Helburua ez zen inongo momentutan ACBra igotzea. Askotan hitz egin genuen klubeko lehendakariarekin eta inoiz ez ziguten horrelako presiorik sartu, baina bai komunikabideen aldetik, eta gero ere gure aldetik ere, finalerdietako lehen partida irabazi ondoren, gertu ikusten genuen finala jokatzea. Azkenean ez ginen gai izan Coviran Granadari finalerdietako kanporaketa irabazteko, eta pena handia izan zen.

Zure denboraldia nolakoa izan da?

Lesio larririk ez dut izan, tarteka molestiaren bat, eta bai entrenamendu zein partida guztiak jokatzeko aukera izan dut. COVID-19aren ondorengo urte batean garrantzitsua izan da, gorabehera asko izan baitira lesioekin. Horrelako exijentzia fisikoa eskatzen dizun maila batean, lesioak-eta ez izatea garrantzitsua da jarraipena emateko. Jokoaren aldetik, partida on batzuk izan ditut, eta beste batzuk ez hain onak. Erregulartasun pixka bat falta izan zait. Minutu aldetik nahiko izan ditudala uste dut. Kontua da, jokalariak berekoiak izaten garela eta beti nahi izaten dugula ahalik eta minutu gehien egitea kantxan. Alde horretatik kexa gutxi ditut. Taldekide onak nituen, eta horrelako talde batean jakin behar da oso ondo zein den zure postua eta hori zukutu. Eta, esandakoa, niri erregulartasuna falta izan zait, eta adibidez igoera fasean aurrerapausoa ematea.

Datorren denboraldirako Melilla Sport Capital taldearekin sinatu duzu.

Urtebeterako egin dugu hitzarmena. Denboraldia bukatu genuenean, beraien entrenatzaile berria nirekin kontaktuan jarri zen, nire ordezkariarekin ere bai, eta beste talde batzuekin elkarrizketak izan arren, lehenengo momentutik konfiantza osoa eskaini zidaten Melillatik eta horregatik izan da aukeratutakoa.

Hitz egin duzue dagoeneko zer-nolako protagonismoa izango duzun talde berrian?

Hori gero kantxan erakutsi beharreko zerbait izango da, eta denboraldian zehar gauza asko gertatu daitezke, baina bai zerbait hitz egin dugula, eta gehienbat aurrerapausoa emateko asmotan noa bertara. Ea gauzak ondo ateratzen zaizkigun denoi. Entrenatzailearekin hitz egin dudana da lehenengo unetik konfiantza osoa eskaini didala, bai berak eta bai klubak, eta aurrerapausoa emateko asmoz noa. Ikusten dut horretarako gai naizela eta gogotsu nago.

Taldearen helburua zein izan ohi da? ACBra igotzeko nahia izaten du?

Ez du ACBra igotzeko asmoa. Azken denboraldia ez zen beraientzat oso ona izan, normalean goiko postuetan borrokatzen ibiltzen den taldea izaten da, eta aurreko urtean, sailkapenean erditik behera geratu ziren. Baina, urtetik urtera ikusteko kontua izango da, faktore asko izaten baitira. Oraindik ez dakit jokalarien zerrenda zein izango den zehazki. Entrenatzaile on bat dugu, liga ezagutzen duena, eta oraingoz, nirekin batera, beste bi jokalari fitxatu dituzte. Jokalari onak dira eta gogoz nago ikusteko zer egin dezakegun.

Bi urte Coruñan egin dituzu eta orain urrutirago zoaz, Melillara.

Bai, horrela suertatu da. Kirol profesionalak hori du. Zorte handia izan dut Coruñan pasa ditudalako bi urte, eta pertsonalki balantze positiboa egiten dut, jokalari bezala izan arren. Kluba zein hiria oso atseginak izan dira, nik une oro nire onena eman dudala esango nuke, eta esandakoa, kirol profesionaletan horrelako erabakiak hartzea tokatzen da, eta aurten horrela suertatu da.

Erlazionatuak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!