Ibilaldi neurtua, Ibarrako mugak non dauden ezagutzeko

Tolosaldeko Ataria 2021ko uzt. 1a, 19:59

Bidetxur Mendi Taldeak bi ibilbide prestatu ditu, 11 eta 17 kilometrokoak, larunbaterako; taldeka har daiteke parte eta izena egunean bertan eman beharko da.

Ibarrako Bidetxur Mendi Taldeak ibilaldi neurtua antolatu du larunbaterako, herriko mugetatik barrena, ezkutuko bideak lagunartean ezagutzeko. Bi ibilbide prestatu dituzte aukeran, adin guztietakoek parte hartu dezaten.

Ibarrako mugen barnean antolatu dituzte bi ibilaldiak, Juan Zubia Bidetxur Mendi Taldeko kideak azaldu duenez, "Ibarrako lurrak noraino iristen diren ikusteko". Ibilbide motza 11 kilometrokoa izango da, 650 metroko desnibelarekin, eta luzea, aldiz, 17 kilometrokoa, 1.040 metroko desnibelarekin.

Ibilbideak taldeetan egiteko prestatu dituzte, gehienez, bost lagunekoetan. Talderik ez duenak ere, berdin-berdin hartu dezake parte, bakarka. Talde bakoitzak txartel bat izango du, eta anoa postu batzuetatik igarotakoan, denbora kontrolatuko zaie. "Denbora hartuko zaie eta horrela, erregularrena nor izan den kontrolatuko dugu, izan ere, zati bat korrika egin eta ondorengoa oinez egiten duena, moduren batean zigortzen ahaleginduko gara", azaldu du Zubiak. "Azken finean, martxa bat hartu eta martxa horretan ibilbidea osatzea da helburua".

Talde bakoitzak bost euro ordaindu beharko ditu, sortuko diren gastuei buelta eman ahal izateko. Amaieran, esaterako, hamaiketakoa jarriko dute. Izen ematea egunean bertan egingo da, 08:15etik aurrera, San Bartolome plazan. Irteera ordua, berriz, 09:00etan izango da, hau ere plazan. Zubiak azaldu duenez, minutu batzuetako tarteekin abiatuko dira taldeak, segurtasun neurriak mantentzeko.

Bidean zehar iturriak egongo dira ura edan ahal izateko. Ibilbide motza zein luzea, Izaskun auzotik barrena pasatzen da. Luzeena Ibin alderaino iristen da, eta laburrak, berriz, lehenago mozten du ibilbidea. "Hasiera batean, mugarriz mugarri ibilbidea prestatzea nahi genuen, baina eremu batzuk sasiak hartuta daude, eta moldatu egin behar izan dugu; espero dugu datorren urtean, Ibarrako mugak benetan non dauden erakusteko moduan izango garela", aitortu du antolatzaileak.

Ibartarrez gain, inguruko herrietakoek ere parte hartzeko aukera izango dutela esan dute. "Goiza lagunartean pasatzeko aukera ona izango da", gehitu du Zubiak. "Eguraldiak ere lagunduko duela dirudi". 

Erlazionatuak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!