ELKARRIZKETA

«Musika klasikoa intelektualki asegarria eta dibertigarria da»

Leire Sorondo Lopez 2021ko eka. 30a, 07:59

Musikeneko ikaslea da Izaro Yañez, eta ekainaren 28tik uztailaren 4ra Galiziako Vilagarcia de Arousan egingo den IV. Clasclas musika jaialdian parte hartuko du; Loatzo musika eskolan eman zituen lehen urratsak.

Izaro Yañez (Ibarra, 2001) Musikeneko piano ikaslea aste honetan Galizako Vilagarcia de Arousan egiten ari diren IV. Clasclas musika jaialdian ari da parte hartzen. Uzturpe ikastolan hezia, Loatzo Musika Eskolan eman zituen bere lehen urratsak. Pianoko Profesional Gradua, ordea, Donostiako Escudero kontserbatorioan egin zuen. Ikasketa horiek eta batxilergoa amaitu zituen urtean, Musikeneko sarrera frogetan piano-jotzaileentzat dauden sei plazetatik bat eskuratu zuen. Goi-mailako ikasketetan diharduelarik, gogotsu hartu duen erronka du aurrean: nazioarteko IV Clasclas musika jaialdian parte hartzea. Bertan, taldekide den Trio Islandekin kontzertua emateaz gain, sona handiko Guarneri Trio de Praga musika taldeak eskainiko dituen hiru masterclass-ak jasoko ditu.

Zer da musika zuretzat?

Nire zaletasunik handiena da, musikarekin gozatu egiten dut. Gainera, oso onuragarri zait nire eguneroko bizitzan gertatzen zaizkidan egoerak kudeatzeko. Adibidez, emozioak kudeatzeko balio dit eta baita erlaxatzeko ere. Bestetik, musika ikasteak diziplina, ardura edo taldekidetza bezalako balioak erakutsi dizkit.

Nola hasi zitzaizun musikarekiko zaletasuna?

Txikitatik datorkit. Etxean, amaren aldetik batez ere, beti ireki zaigu musikaren bidea: abesten, musika mota ezberdinak entzuten... Zazpi urte nituela, nire anaia eta niri eskolaz kanpoko jarduera bezala musika egitea proposatu ziguten gurasoek. Nire anaiak segituan baietz esan zuen, beraz, ni ere animatu nintzen. Anaiak biolina aukeratu zuen eta nik pianoa.

Zer oroitzapen dituzu musikan hasi zinen lehen urteetatik?

Loatzo Musika Eskolako etapa guztia oso polita izan zen. Solfeo, piano eta koruko klaseak oso dibertigarriak ziren. Ibarrako kultur etxean eta eskualdeko beste herrietan egindako emanaldietan ere asko disfrutatzen nuen. Nire guraso eta aitona-amonak ni ikustera etortzeak ere ilusio berezia egiten zidan.

Zerk bultzatu zintuen musika klasikoaren bidea hartzera?

Loatzon oinarrizko gradua bukatzerakoan, irakasleek, musikarekiko nuen zaletasuna ikusita, nire musika ikasketak Donostiako kontserbatorioan jarraitzea proposatu zidaten. Izan ere, eskualdean ez dago beste aukerarik ikasketa hauek aurrera eramateko. Ideiak erakarri egin ninduen eta, etxekoek bultzatuta, bertan sartzeko frogak prestatu nituen. Onartua izan nintzen eta orduantxe bideratu nuen nire ibilbidea musika klasikorantz.

Eta Musikenen ikasteko erabakia? Ez zenuen zalantzarik izan zure zaletasunarekin jarraitzeko orduan?

Alderantziz, ez zitzaidan aukera hoberik bururatu nire zaletasun handienarekin bizitza aurrera ateratzen saiatzea baino. Escudero kontserbatorioan lau urte zoragarri pasa nituen. Jende berria ezagutzearekin batera, musika klasikoa sakon ezagutzea altxor bat deskubritzea bezalakoa izan zen. Ikastetxean nituen ikasgaiekin alderatuta, kontserbatorioan ikasten nuena gehien gustatzen zitzaidana zenez, musika klasikoko goi mailako ikasketak egingo nituela erabaki nuen, posible bazen Musikenen.

Zer da Musikenen pianoa ikastea?

Plazer handia da. Espainian zein nazioarte mailan izen handia duten irakasleak daude, eta sekulako ohorea da niretzako haiengandik ikastea. Bestalde, ikasle gehienak Euskal Herritik kanpokoak direnez, oso aberasgarria iruditzen zait haiekin unibertsitateko urteak partekatzea.

Zenbat denbora eskaintzen diozu pianoari egunean?

Hori da pianoko goi mailako ikasketak burutzearen beste ezaugarri bat: exijentzia maila oso handia denez, denbora asko eskaini behar zaio bai pianoari zein beste irakasgaiei. Batez beste, egunero pianoa 4-5 orduz jotzen dut. Errepertorio osoa landu, zailtasun estilistiko eta teknikoak ebatzi eta obra guztiak buruz ikasteko denbora hori beharrezkoa baita.

Zer aholku emango zenieke musika ikasi nahi duten gazteei?

Lehenik eta behin, argi izateko musikari eskainitako denborak bere saria ematen duela, nahiz eta aisialdiko denbora kendu behar izan. Zehazki musika klasikoan jardun nahi dutenei, beldurrik gabe aurrera egiteko esango nieke, oso mundu interesgarria baita: dibertigarria, intelektualki asegarria eta disfrutatzekoa.

Zeintzuk dira pianista edo musikari batek gaur egun dituen erronka handienak?

Alde batetik, musika ikasketak DBH eta Batxilergoarekin batera gauzatzea zaila da, denbora aldetik zein antolakuntza aldetik. Bestetik, jendeaurrean jotzeko aukerak aurkitzea ez da batere erraza. Musikene edo kontserbatoriotik kanpoko kontzertuak lortzeko zure kabuz moldatu behar duzu, eta bestelako ekitaldien artean lekua topatzea ez da lan erraza.

Nola sortu zitzaizun Vilagarcia de Arousako IV Clasclas jaialdian parte hartzeko aukera? Nola hartu duzu erronka?

Musikenek helarazi zigun gonbidapena. Clasclasek Espainiako musikako goi mailako bost zentro aukeratu zituen jaialdian parte hartzeko. Ze ntro bakoitzeko piano hirukote batek lor zezakeen parte hartzeko beka, hau da, jaialdian jo eta hiru masterclass jasotzeko. Ganbera-musikako irakasleak bultzatuta, Musikeneko beste ikasle batzuek bezala nire taldekoek ere bideo bat grabatu genuen aukeraketarako. Hamar minutuko obra bat jo genuen bideoan. Bideoa jaialdikoei bidali eta Guarneri Trioak berak aukeratu gintuen haien masterclass-ak jasotzeko.

Gogo handiz hartu dugu aukera hau. Beste jaialdietan parte hartu izan dut, baina hain maila handiko musikariengandik ikasteko eta estatuko musikari gazte bikainak ezagutzeko aukera paregabea da.

Zeintzuk dira epe motz eta epe luzerako dituzun helburuak? Nola ikusi nahi duzu zeure burua etorkizunean?

Epe motzean, Musikeneko ikasketak bukatu eta masterren bat egin nahiko nuke. Oraindik ez dakit zertan berezitu: pianoko interpretazioan, taldekako musikan edota pianoaren irakaskuntzan. Esklusiboki piano-interpretea izateari dedikatzea oso zaila da, oso gutxik lortzen dute. Horregatik, ziurrenik musika-irakaskuntza alorrera bideratuko ditut ikasketak. Lan horretan esperientzia dut, musika klaseak eman baititut Tolosako musika eskola batean. Hala eta guztiz ere, bestelako bideak ere probatu nahiko nituzke: koru edo beste musikariei laguntze lanak, talde kontzertuak ematea edota bestelako kultur ekimenetan parte hartzea.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!