Eta esango nuke bat-bateko instintu edo sen negatibo hori ez dabilela oso oker politikatzat ulertzen den horren izaera seinalatzetik. Jabedunen klasearen botere eta aberastasunaren administrazioan oinarritzen baita politika delako hori, soldatarekiko dependentzia duen klasearen sumisio egoera betikotu eta estutzeko egiten dena.
Politikaren gaineko ulerkera hori baina partziala da. Hutsune edo gabezia batetik eraikitako ikuspuntua baita; etsaiaren politika soilik ezagutzen duen horrek politika oro etsaiarena dela pentsa lezake. Oker legoke ordea, beste politika bat ere posible baita, langile klasearena, mendeetako historia daukana eta izena eta izana ere badaukana: komunismoaren noranzkoan egiten den politika sozialista, alegia.
Defenda dezagun beste politika bat, politika sozialista egiteko askatasuna, fenomeno sozial, ekonomiko eta politiko guztien gainean emanda dagoenaz harago posizio eta ikuspuntu propio baten existentzia, zilegitasuna eta beharra
Politika sozialista deritzo sakabanatuta ageri zaigun norbanakoaren, berdinen, inpotentzia batu eta indar askatzailea sortzean datzan arteari, dominatzen gaituen horren aurkako antolakuntzari, kolektibitatearen eta komunitate berriaren eraikuntza prozesuari.
Mugimendu politiko horrek errealitatearen eta fenomeno sozialen gaineko ikuspuntu propioa du eta baita hauei aurre egiteko programa ere. Eraso matxisten, etxegabetzeen, lan gatazken eta alderdi politikoen zein udalen jardunaren gaineko posizio propioa du esaterako, sumisio egoera gainditzeko programa eraginkorra berea dela defendatzen duena, gainera.
Bada politika hori posible egiten duenik, baina bada ezinezko bihurtzeko posible den oro egingo lukeenik ere. Errealitate bat da ordea, gertatzen ari da eta geratzeko etorri da. Defendatu dezagun beste politika bat, politika sozialista egiteko askatasuna, fenomeno sozial, ekonomiko eta politiko guztien gainean emanda dagoenaz harago posizio eta ikuspuntu propio baten existentzia, zilegitasuna eta beharra.
Izan ere, arazoaren erroa jo puntuan jartzen ez duen programa eta jardun politiko orok eguneroko ogia den basakeria kapitalista zuritzea esan nahi du. Gainera erreakzionarioa da, garai historiko honetan bizi-baldintzak hobetzeko eta «garapenerako» ere ez baitu balio. Horregatik, pragmatismoaren izenean egitea fartsa bat besterik ez da.