Ioseba Mateosek bigarren postua lortu du Batalla de Randen

Tolosaldeko Ataria 2021ko eka. 24a, 19:57
Ioseba Mateos, eskuinean, Batalla de Rande proban, Cies Uharteetako irteera gunean.

Ioseba Mateos igerilari ibartarra bigarren sailkatu da IX. Batalla de Rande proban, zeharkaldi tradizionalean. Guztira 27 kilometro izan dira, eta zeharkaldi tradizionalean lehen 12 kilometroak neutralizatuak izan dira eta ondorengo 15 kilometroak modu librean.

Aurreko parte hartzean, 2019an, Mateosek 14. postua lortu zuen zeharkaldi tradizionalean, eta 6.58.22ko denbora egin zuen. Oraingoan erronka 6 ordu eta 45 minuturen azpitik egitea zen eta lortu zuen, 6.36.17ko denborarekin. «Ezustean, bigarren sailkatu absolutua izan nintzen, eta oso pozik sentitzen naiz, postua ez nuelako batere espero», esan du igerilariak. «2019ko denboraldi amaieran ebakuntza bat izan ondoren, momentu pertsonal txarrak, pandemia, konfinamendua, entrenamendurik gabe eta lehiaketarik gabe ia bi urte pasa ondoren» iritsi zaio emaitza bikain hori. «Momentu gogorrak izan dira niretzako, baino uste dut ultra distantzietarako ondo etorri zaidala, orain psikologikoki oso indartsu sentitzen naizelako». Entrenamenduetan oso motibatuta egon da neguan, igerilekuan master eta absolutuetan lehiatzen, eta itsasoan asteburuetan kilometro asko egin ditu ur hotzetan, 2020-2021 denboraldiko erronka guztiak prestatzeko.

Aurtengo Batalla de Rande probaren baldintzak honakoak ziren: uraren tenperatura 14-16 gradu, kanpoko tenperatura 15-17 gradu eta lainotuta, olatuak 1-1,5 metrokoak, haizea 5 eta 15 km/h bitarte eta zeharkaldi guztian zehar korrontea kontra 24. kilometrora arte. «Aurreikuspena bete zen eta oso zaila izan zen baldintza horietan igeri egitea, ur irekiak horrelako bitxiak baitira», esan du Mateosek. Probak berak, gainera, bere berezitasunak izan zituen, Mateosek azaldu zuenez: "Irteera eman eta 20 minutu beranduago zer edo zer arraroa pasatzen ari zen uretan. Guardia Zibilak proba gelditu zuen, 200 metro luzera zuen itsasontzi bat Vigoko ibaian sartu behar zelakoa eta gu uretan geunden". Nahasmen momentuak pasa zituzten uretan, eta probaren kronometroa gelditzea eskatu zieten antolatzaileei eta hauek onartu zuten. "Guardia Zibilak 31 minutu eta 30 segundo eduki zigun itsasoan geldirik, ura 14 gradutan egonda. Denbora hori uretan pasa ondoren berriz ere jarri ginen martxan, baino fisikoki hotza eta psikologikoki momentu gogorrak izan ziren".

Hurrengo zeharkaldia uztailaren 4an izango du, I. Travesia de los Balleneros izenekoa, 5.300 metrokoa. Test bezala hartuko du, X. UltraEbre Swim Marathon igeri zeharkaldia prestatzeko. Tivenys eta Amposta arteko proba da hori eta 31 kilometro ditu.

Ioseba Mateos, eskuinean, IX. Batalla de Rande zeharkaldi tradizionaleko podiumean.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!