Piparraren Bidea aurkeztu dute Ibarran

Tolosaldeko Ataria 2021ko eka. 18a, 18:00

Ia hiru kilometroko ibilbide bat prestatu du Ibarrako Udalak, piperraren inguruan; bost panel jarri dituzte ibilbidean zehar, azalpenak emateko, eta bide amaieran, atsedenerako gune bat egokitu dute.

Ibarrako Udala piperra erdigunean jartzeko lanketa bat egiten ari da azken boladan, eta gaur aurkeztu dute lanketa horretako emaitza bat: Piparraren Bidea. Igor Zapirain alkateak esan duenez "piperra Ibarraren produktua da, gure nortasunaren eta kulturaren parte, horregatik bururatu zaigu piperrarekin lotura duen ibilbide bat osatzea herrian". 

Piparraren Bideak 2,7 kilometro ditu eta ibilbide zirkular bat da, plazan hasi eta plazan bertan amaitzen dena. Bost panel jarri dituzte ibilbidean zehar, piperraren eta Ibarraren arteko lotura azaltzen dutenak. Julen Larruskain eta Josu Ozaita aritu dira panel horiek osatzen, irudiz zein testuz. Testuak bi hizkuntzatan idatzi dituzte, euskaraz eta erderaz. Lurrean ere bi piper berderen markatxoak egin dituzte, baina Zapirainek esan duenez, "ez dira gehiegi ikusten, eta kolore berdea izateak ere ez dakit gehiegi laguntzen duen, beraz, beste zerbait pentsatuko dugu seinaleztatzeko".

Erreka ondotik abiatzen da ibilbidea, herriko baserri nagusienetako batzuetatik pasatzen da eta baratza garrantzitsu batzuk ere ikusi daitezke herrigunean zehar. Ondoren, Leaburura doan garai bateko herri bidetik aldapa igo behar da. "Aurreko legealdian hasi ziren bide hori konpontzen, eta orain, borobildu egin dugu", azaldu du. Bide horretatik jarraitu eta kaskora iristean, piperrak dauden baratzeak ikus daitezke, eta piper ekoizleen lantegietatik pasatzen da, besteak beste, Txumitxa eta Ibarlurretik. Handik, Ibarra herriaren sorlekua den Etxezarreta baserriaren bueltara inguratzen da bidea, eta bertatik, ikastola eremura jaisten da. 

Ikastola ondoan, atsedenlekurako gune bat prestatu dute, material birziklatuz udal langileek egin dutena. Sei mahai jarri dituzte bere eserlekuekin, gutxi gorabehera 40 pertsona inguru esertzeko. Parrila bat ere jarri dute, bi su dituena, eta garai bateko baserri batetik berreskuratutako harrizko arraska bat ere bai, iturri bezala. "Udalarena zen eremu bat egokitu dugu, sasiak hartuta zegoen, eta leundu egin dugu", gehitu du alkateak.

Ibilbide amaieran, atsedenlekura iritsi direnean, mokadutxo bat egiteko tartea hartu dute, ordurako parrila piztuta zuten, eta ibilbidea osatu duten guztiek elkarrekin egin dute hamaiketakoa.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!