Amets egiten jarraitu beharko dute

Tolosaldeko Ataria 2021ko eka. 11a, 16:59

Lauburu Ibarra Mahala jubenilen taldeak agur esan dio Espainiako Kopan aurrera egiteko erronkari; 2 eta 5 galdu du final-laurdenetan, Valladolid Tierno Galvan taldearen aurka.

Bikain hasi dute partida ibartarrek, ondo kokatuta eta geldikako jokaldietan arriskua sortuz. Baloiaren jabetza bereganatu dute lehen minutuetan, eta aurkariek kontraerasoaren bitartez soilik lortu dute Laubururen areara hurbiltzea. Hala ere, 8. minutuan, Armandek 12 metrotatik egindako jaurtiketa bortitz bati esker, aurretik jartzea lortu dute gaztelarrek: 0-1.

Lauburuk berdinketa lortzeko golaren bila jarraitu du, eta hala, 12. minutuan heldu da ibartarren aukera garbiena. Beñatek zutoinera bidali du zelai erditik egindako jaurtiketa; oso gertu izan du gola. Bazirudien aukera horrek indarra emango ziola taldeari, baina ez da hala izan. Valladolid Tierno Galvan taldeko Diegok, urrutiko beste jaurtiketa bortitz bati esker, bigarren gola egin du 16. minutuan; gol ikusgarria egin du.

Oro har, partida irekia izan da lehen zatian, Valladolidekoek, urrutiko bi jaurtiketei esker aurreratzea lortu duten arte; izan ere, atsedenaldiaren aurretik, golak egiteko aukerak izan dituzte bi taldeek. Azkenean, 0 eta 2ko emaitzarekin joan dira aldageletara.

Kolpeak, bata bestearen atzetik

Bigarren zatian, ordea, ez da batere ondo hasi Lauburu. Lehen minutuan, aukera garbi bat izan du Valladolideko taldeak, baina Ikerrek atepetik atera du baloia, marraren gainetik. Hurrengo minutuan, berriz, aurkarien hirugarren gola iritsi da; Mariok egin du, kontraerasoa bikain gauzatu ondoren.

Lauburuk, ordea, ez du etsi, eta erantzun azkar bat bilatu nahian, zutoinera jaurti du baloia estrategia jokaldi batean. Valladolid, baina, min handia egiten ari zen kontraerasoan, eta minutuek aurrera egiten zuten.

Hala ere, partida ez zegoen guztiz hautsita, eta ibartarrak jakitun ziren gol bat egiteko aukerak izango zituztela. Hala, 5. minutuan, estrategia jokaldi bat bikain gauzatu ondoren heldu da esperantzaren gola, 1 eta 3koa. Ekainek zelai erditik falta atera, eta Martinek, zutoinaren laguntzaz, ate barrura sartu du.

Modu honetan, markagailuan gerturatzea lortu du Lauburuk. 10. minutuan, ordea, bigarren zatiko bigarren kolpea jaso dute ibartarrek. Oier Goikoetxea Boli kapitainak zelaia utzi behar izan du, bigarren txartel horia ikusi ondoren. Hala, lau jokalarirekin geratu da Ibarrako taldea, eta defentsan lana gogoz egitea egokitu zaie. Handik gutxira, baina, kanpotarren gola heldu da, laugarrena.

Berdinketaren bila, bost jokalarirekin

1 eta 4koarekin ere, partidatik aldendu gabe jarraitu du talde ibartarrak, eta 12. minutuan, aurkarien zelaian baloia berreskuratu ondoren, bigarren gola egitea lortu du Martinek: 2-4. Handik gutxira, gainera, hirugarrena egiteko aukera bikaina izan du Ekainek, baina aurkarien atezainak ederki geratu du jaurtiketa oinarekin.

Partida amaitzeko, lau minutu eta erdi geratzen zirela, hutsartea eskatu du Aitor Arevalo Lauburuko entrenatzaileak.  Espero zitekeen bezala, atezain-jokalariarekin atera da talde ibartarra, berdinketa lortzeko golen bila. Martin goleatzaileak saiakera bat baino gehiago egin arren, ezinezkoa izan da. Aurtengoz, agur esan diote azken fasean aurrera egiteko ezarritako erronkari, eta amets egiten jarraitu beharko dute, datozen urteetan lorpena errepikatu nahi badute behintzat.

Azkenean, merezimendu osoz, Valladolidentzat izan da garaipena, eta finalerdietarako txartela lortu du. Inter Movistar talde madrildarra izango du aurkari finalerako txartela lortzeko partidan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!