Amaiera arte borrokan ibili da Arria V.a

Leyre Carrasco 2021ko eka. 6a, 16:23

Harri jasotzea, mendi lasterketa eta aizkora sei ordu baino lehen egiteko erronka jarri eta minutu gutxi batzuk pasa bada ere, bukatu arte aritu da lanean.

100 kiloko zilindro zaharrari hamar jasoaldi eman, T3T mendi maratoiaren 43 kilometroak egin, eta hamar kanaerdiko ebaki sei ordu baino lehen egiteko erronka izan du gaur goizean Xabier Orbegozo Arria V.a. Goizeko 8:00etan Ibarrako Emeterio Arrese plazan hasi du proba, eta bertan bukatu du. Minutu gutxi batzuk pasa bada ere, erronka bukatu arte borrokan aritu da Orbegozo, eta azkenean, 6:05:52 denborarekin amaitu du.

Eguraldia lagungarria suertatu zaio Orbegozori gaurko erronka burutu eta plaza jendez gainezka betetzeko. Modu horretan, bertara gerturatu diren herritarren babesa eta berotasuna jaso du uneoro, eta amaieran, hainbat opari izan ditu: Eider Ikurkoren agurra izan da lehena; ondoren, Ane, Markel eta Luken, Orbegozoren hiru seme-alabak oholtza gainera igo dira aitari txapela janztera; Iñaki Errazkin eta Joseba Otaegi aizkolariek bertso pare bat abestu dizkiote; Ibarrako Udalaren eskutik, Igor Zapirain alkateak oroigarri bat eman dio; Lesakako Herri Kirol zaleek San Ferminetako zapia jarri die lepoan; Maddi Perurena eta Laida Perurena, Felix Perurenaren bi alabak igo dira oholtza gainera Excavaciones Peru enpresaren eskutik oroigarri bat emateko; eta, azkenik, Jose Ramon Iruretagoiena Izeta II.ak 100 kiloko harria oparitu dio.

Amaitu du aurtengoan

Egun "gogorra" izan dela adierazi du Orbegozok, gozatu gabe beti "eman da eman" aritu baita. Uzturretik gora "beheraldi handi bat" izan duela jakinarazi du, eta segituan errekuperatu bada ere, bukaeran berriro etorri zaio sufrimendua: "Bolak eta koadrizepsak hasi zaizkit gora eta gora... komeriak izan dira, baina sufrituz, azkenean, iritsi gara". Erronka guztian zehar, denboraren barruan bukatzeko itxaropenik ez zaiola falta izan adierazi du Orbegozok. 05:52 minutu besterik ez da pasa, eta horrenbestez, emaitzarekin "oso gustura" geratu da.

Aurtengoak egin ditu Orbegozok, eta orain atsedenaldi bat behar duela esan du: "Aspertu naiz. Abiadura hauetan ez da gozatzen, erritmo oso handiak baitira eta kirol maila hauetan beti sufritu egiten dut. Beraz, orain atsedenaldi bat behar dut".

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!