Lauburuko jubenilen beste lorpen bat

Ataria 2021ko eka. 5a, 21:31

Galdar talde kanariarrari 5-1 irabazi diote Espainiako Kopako final-zortzirenetan, eta azken faserako sailkatu dira.

Bere liga irabazi ondoren, Lauburu Ibarrako jubenilek beste pauso bat eman dute denboraldi honetan, eta Madrilen egingo den Espainiako Koparen azken faserako sailkatu dira. Egoitza bakarrean jokatuko da fase hori, eta datorren ostiralean izango dute final-laurdenetako partida. Irabaziz gero, larunbatean finalerdiak eta igandean finala izango dute.

Tentsio handiko partida jokatu da gaur arratsaldean Belabietan, eta norgehiagoka ez da guztiz apurtu bigarren zatira arte. Lehen zatian, 6 minutu falta zirela atsedenaldirako, 1-0 aurreratu da Lauburu Ibarra Mahala, Beñat Irazustabarrenak egindako jokaldi eta golari esker. Hortik gutxira berdindu dute kanariarrek, baina atsedenaldira iritsi aurretik, Jokin Agirretxek aurretik jarri ditu berriro ibartarrak. Bigarren zatia borrokatua izan da, baina Agirretxek korner batean egindako golak 3-1ekoa jarri du markagailuan, partida bukatzeko 8 minutu baino gehiago geratzen zirenean. Lasaitasunaren gola Iker Sanchezek sartu du, 6 minutu falta zirela bukaerarako, eta azken gola, azken minutuaren barruan, Unai Iglesiasek egin du. Kanariarrak hirugarren gola jaso ondoren partidatik pixka bat atera dira eta bi taldekide kanporatu dituzte epaileek.

Oier Goikoetxea Boli taldeko kapitainak oso pozik hitz egin du neurketaren amaieran: "Partida hau irabazteak sari handia ekarri digu. Madrilera joango gara eta ahal dugun guztia egingo dugu txapelketan aurrera egiteko". Hurrengo asteburuko fase horretan publikoa egon ahalko da eta espero du Lauburuko zaleen bultzada izango dutela. "Lehenengo aldia da final-laurdenetarako sailkatzen dela jubenilen taldea, eta oso ilusionatuta gaude, eta inoiz baino motibatuago erronka horretarako".

Aitor Arevalo entrenatzaileak partida oso lehiatua izan dela esan du: "Bagenekien oso partida zaila izango zela, eta oso zuzen eta bertikal jokatuko zutela, eta aurreneko minutuetan kosta egin zaigu partidan sartzea". Atsedenaldira markagailuan aurretik joateak konfiantza eman diela esan du. Bigarren zatia orekatua izan dela gaineratu du, baina xehetasunetan "merezimendu osoz" irabazi dutela. "Taldeak baloiarekin erakutsi duen jarrera oso positiboa izan da, ez du galerarik izan eta pazientziarekin jokatu dugu bigarren zatia". Pozik daudela esan du entrenatzaileak: "Jokalariek lan handia egin dute urtean zehar eta hau sari handi bat da". Ostiralean jokatuko duten partida ahal duten ondoen prestatuko dutela eta batez ere esperientziaz gozatzen saiatuko direla esan du.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!