Beste erronka gogor bat du aurretik

Imanol Garcia Landa 2021ko eka. 2a, 19:59

Xabier Orbegozo 'Arria V.a'-k harri-jasotzea, mendi lasterketa eta aizkora uztartuko ditu igandeko proban.

Xabier Orbegozo Arria V.a erronka gogorra lortzen saiatuko da igande honetan: 100 kiloko zilindro zaharrari hamar jasoaldi eman, T3T mendi maratoiaren 43 kilometroak egin, eta hamar kanaerdiko ebaki sei ordu baino lehen. Ibarran hasiko du proba, goizeko zortzietan, Emeterio Arrese plazan, eta bertan bukatuko du.

Sagardotegiko solasaldietatik sortutako erronka dela azaldu du Orbegozok: «Lortuko nukeen horrelako proba bat egitea ala ez esaten ibili, gero etxera joan eta kontuak egin, eta baita gerora makina bat aldiz damutu ere». Denbora «dezente estua» jarri zela hasieratik gaineratu du: «Ordu laurden bat gehiago emanez gero, hobeto moldatuko ginateke. Mendian hobetu behar izan dut asko, hor joan daiteke-eta denbora. Kiloak ere galdu egin behar izan ditut». Lehen ere egindakoa da antzeko proba bat: enborrak Azpeitiko zezen plazan moztu, menditik Tolosara etorri eta hor ere enborrak moztu zituen. Orduan mendian korrika egin beharreko bidea motzagoa zen.

Prestaketa orain dela sei bat hilabete hasi zuen. Lehen asmoa erronka Zegaman egitea zen. «Pandemia dela eta ez dela, konfinatuta-eta egon da denbora askoan herria, eta azkenean ez da egingo bertako maratoia», esan du Orbegozok. «Pixka bat hoztu egin zen kontua. Baina Tolosan T3T maratoia egingo dela-eta, ekainaren 13an, hor ikusi genuen egiteko aukera». Orbegozo Ibarran bizi da duela sei urtetik eta T3Tko probako ibilbidea Herniotik pasatzen da, bere jaioterria den Errezildik gertu, eta horrek animatu zuen erronkaren ibilbidea hautatzea.

Gogortasun aldetik Zegamako maratoia zein T3T antzekoak direla dio. «Asko sufritu dugu mendian. Denbora horietan sartzeko gora zein behera bizi joan behar da, eta ikasi egin behar izan dut». Azkenean entrenamenduetan denboratan sartzea lortu duela dio Orbegozok, eta orain igandean bertan egitea falta dela».

Probaren zailtasuna egin beharreko lanen ezberdintasunean dagoela nabarmendu du. «Indarra behar da batetik, baina baita iraupena ere, eta aizkoran ofizioa ere behar duzu. Lan bakoitzak errespetua ematen du», esan du Orbegozok. 80 kilotara ere jaitsi zuen pisua, eta mendian arinago ibiltzen zen, baina orduan harria jaso ezinik geratu zen.

Bere azken erronka izango zenaren albistea zabaltzen ari zen, baina berak ez du zehaztu horrela izango denik. «Orain sasoi puntu ikaragarrian nago» esanez erantzun dio galdera horri.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!