Unai Iribarrek eskura du Abiatzen torneoa

Imanol Garcia Landa 2021ko mai. 25a, 19:59

Unai Iribar eta Pau Miquel, bigarren posturako lehian, Beasaingo proban. GOIERRIKO HITZA

Proba baten faltan, Laboral Kutxako Unai Iribar txirrindulari ibartarra Abiatzen torneoko sailkapen orokorrean lehen postuan jarri da, eta eskura du torneoa bereganatzea.

Azken proba Tolosan jokatuko da, ekainaren 19an, baina asteburu horretan Espainiako Txapelketak daude jokoan eta bai Iribar bera eta baita torneoaren sailkapenean bigarren doan Imanol Alvarez Euskadiko selekzioaren deialdian daude. Sailkapeneko lehen postuetan dauden beste txirrindulariek ezin dute Iribar harrapatu, eta beraz, Espainiako Txapelketak ez badira bertan behera geratzen, Iribarrek eramango du Abiatzen torneoa.

Larunbatean Beasainen jokatu zen proban lortu zuen ibartarrak torneoko sailkapenean buru izatea. Igor Arrietak irabazi zuen proba, eta Iribarrek hirugarren egin zuen, bigarren geratu zen Pau Miquelekin esprint estu bat jokatu ondoren. Ez zen nolanahiko proba izan Iribarrentzat, proba erabaki zen Mandubia mendatea hasi aurretik zulatua izan zuelako. «Taldekide baten bizikleta hartu nuen, baina oso txikia zen niretzat, eta tropela iritsi ahala beste taldekide batekin aldatu nuen», esan du Iribarrek. «Egoera zaila izan zen, beraz, probaren unerik garrantzitsuenean». Torneoaren sailkapena aldapa behera erabaki zen, Laboral Kutxakoek tira egin baitzuten, jakinik Imanol Alvarez ez dela hain ondo moldatzen aldapan behera. Etenda gelditu zen Alvarez eta Iribarrek hirugarren postua lortu ahal izan zuen, puntu ugari batuz.

Iribarren hurrengo erronka oso berezia izango da, ekainaren 3tik 12ra Italian egingo den 23 urtez azpiko Giroan parte hartuko baitu. Proba horretan, bere mailako nazioarteko txirrindulari onenak izatea espero da, eta Iribar gogotsu dago bertan parte hartzeko.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!