Elkarrizketa

«Zuka erabiliz eraiki ditugu harremanak eta erronka bat da aldatzea»

Tolosaldeko Ataria 2021ko mai. 25a, 13:09

Ibarrako Euskara Batzordeak hitano ikastaroak antolatu ditu herrian, hitanoaren erabilera indartu eta sustatzeko asmoz; astean behin elkartzen dira, bi taldetan, Iñaki Rezola irakaslearen gidaritzapean. Lierni Arozena ibartarra Euskara Batzordeko kidea da eta hitanoko ikastaroak jasotzen ari da.

Buruan klik bat egin eta lagun batzuekin hitanoa erabiltzen hasi zen duela pare bat urte Lierni Arozena Zubizarreta (Ibarra, 2001). Euskararen eta bereziki hitanoaren gaiak erakarrita, Ibarrako Euskara Batzordeko kidea da egun, eta ikastaroetan parte hartzen ari da.

Egunerokoan presente daukazu noka?

Bai, duela bi urte inguru, Gabiriako lagun batekin hasi nintzen noka praktikatzen. Hitanoaren inguruko mugimendu bat martxan jarri zen Gabirian, eta bertako kidea zen laguna. Euskara mundua asko gustatzen zait niri, arreta eman izan dit, eta noka hitz egitera animatu nintzen lagun harekin, eta egunerokoan, unibertsitateko lagunekin, esaterako, asko erabiltzen dut.

Etxetik jaso duzu zerbait?

Gurasoengandik ez, baina bai aitona-amonengandik. Amonagandik bereziki, segurarra da bera, eta Seguran hitanoak betidanik izan du nahikoa presentzia. Belarria egina nuen hizketan hasterako.

Hautu bat da erabiltzen hastea?

Nire kasuan, zuka forman eraikitako harremanetan, konfiantza eta gertutasuna baldin badago, erronka moduan hartu izan dut noka egitearena, hautu kontziente moduan.

Zure inguruan hitanoa erabiltzen da orokorrean?

Ezezkoa esango nuke. Unibertsitateko lagunekin, gehienbat emakumeekin aritzen naiz, baina gazteen artean ez da ohikoena hitanoa entzutea.

Ibarran saiakera bat ari zarete egiten hitanoa indartzeko. Nola sortu da ideia?

Ibarrako Euskara Batzordeak bideratu du kontua. Uzturpe ikastolak, Galtzaundi Euskara Taldeak, Hauspoa elkarteak, Ibarrako Udalak eta hainbat herritarrek osatzen dugu batzordea, eta mahai gainean jarri genuen gaia. Jendea hitanora gerturatzeko zer egin genezakeen pentsatzen hasi ginen. Jakitun ginen Donostian Bagera elkarteak hitano ikastaroak antolatu izan dituela eta Larraulen ere nokaldia egin zutela; duela gutxi, Alegian ere hitano ikastaroak eman zituzten. Eta Nora Urbizu eta Uxoa Elustondo hitanoaren inguruko ikerketa egiten zebiltzala ere bagenekien. Azpeitian ere, duela urte batzuk, hitanoaren inguruko ikerketa bat egin zuten,eta nokadromo bat antolatu zuten. Oñatin, Gabirian eta Seguran ere martxan dira ikastaroak. Segurakoa klabea izan da Ibarran hitanoaren inguruan zer egin zehazteko garaian, segurarrengana jo baitugu laguntza eske, eta Larraulgo ikastaroa antolatu zutenekin ere jarri gara harremanetan. Horrela, Iñaki Rezola irakaslearekin hitano ikastaroa antolatu dugu.

Bi talde osatu dituzue. Arrakasta izan du?

Harrera ona izan du, uste genuena baino handiagoa. Esan behar da, ordea, gehienak emakumeak animatu garela. Gure asmoa toka eta noka sustatzea zen, eta bide batez, gizonezkoak erakarri nahi genituen, noka erabiltzen hastera eta alde horretatik pena pixka bat badugu. Izan ere, askotan ikusten dugu, mutilen artean toka erabiltzen dutela eta neska bat elkarrizketan sartzen denean zuka egiten zaiola. Baina irakurketa positiboa egiten dugu hala ere, parekidetasun begiradatik ahalduntzeko aukera bat dugu emakumeok eta pozik gaude.

Nolako saioak ari zarete jasotzen?

Hasierako saioetan gramatika pixka bat ari gara ikasten, eta mintzapraktika asko egiten dugu. Bakoitzak bere rola izaten du, bertsotan egiten den moduan, eta hitanoa erabili behar izaten dugu, trebatzen joateko.

Izotza haustea kosta egiten da?

Bai, erronka bat da. Aintzat hartuta zuka erabiliz eraiki ditugula harremanak, erronka bat da erregistroa aldatzea, baina balantza batean jarriz gero, norberaren aukera da hizketarako modua erabakitzea.

Horrelako ikastaroek hitanoa hauspotzea ekartzen dute?

Antolatzaileon artean horixe komentatzen dugu. Piztu egiten du jendea gai honek, izan ere, askotan ez gara kontziente zer daukagun edo zer galdu dugun. Horrelako ikastaroek oihartzuna izaten dute normalean, eta gurean ere horri eutsi nahi diogu. Ea egunerokotasunean geroz eta gehiago erabiltzen hasten garen.

Horixe baita ikastaroen helburuetako bat, hitanoa egunerokoan erabiltzea.

Bai, noski. Hitanoa bultzatzen dutenen artean badira korronte ezberdinak; batzuk, esaterako, gabezi batetik abiatuta toka eta noka sustatzean jartzen dute indarra, horri bultzada emanez, eta beste hainbatek, ni tartean, nokaren galeraren irakurketa egiten dugu. Genero aldetik pisua duela ikusten dugu: ez da kasualitatea emakumeen hizketa modua galdu izana gehienbat.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!