Beira edukiontziak margotuko dituzte Ibarrako gaztetxoek

Ataria 2021eko maiatzaren 20a

Bola horiek ere Gaztezuloko ekimen baten bidez margotu zituzten gaztetxoek.

Datozen hiru asteburutan zehar, beira edukiontziak margotuko dituzte Ibarrako haurrek, Gaztezuloren eskutik.

Datozen hiru larunbatetan beira edukiontziak margotzen ariko dira Gaztezuloko haurrak herriko plazan. Edukiontzi bakoitzari gai bat esleitu diote, eta horien araberako diseinuak prestatzen aritu dira orain arte. Dinamika Gaztezulok jarri du martxan eta Garikoitz Murua artistaren laguntza izan dute marrazkiak prestatzeko.

Datorren larunbatean hasiko dira: 11:30etatik 13:30etara herriko plazan egongo dira edukiontziak apaintzen. COVID-19a dela eta, haurrak hiru taldetan banatu dituzte; talde bana, larunbat bakoitzeko. Egun bakoitzean hiru edukiontzi margotuko dituzte; bederatzi, guztira. Edukiontzi guztiak margotzen dituztenean herriko edukiontzi zaharrengatik ordezkatuko dituzte. 

Ez da herriarentzat zerbait margotuko duten lehen ekintza. Plaza sarreran ibilgailuak ez aparkatzeko oztopoak ere Gaztezulokoek margotu zituzten, urte batzuk atzera eginda.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!