Elkarrizketa

«Berezia izan zen; Ikeako denda baten barruan grabatu genuen, gauez»

Irati Saizar Artola 2021ko mai. 6a, 11:59

Dantza egiten disfrutatzen duen horietakoa da Aimar Odriozola ibartarra; egun, ikasten ari da, baina dantzari lotuta ikusten du etorkizuna, izan dantzari, edo baita sortzaile ere

Alurr dantza taldean eman zituen lehen pausoak Aimar Odriozola (Ibarra, 2000) dantzariak, eta dantza txapelketa ugaritan nabarmendu da. Egun, Madrilen ari da dantza garaikideko ikasketak egiten, eta leku berean, Ikearen iragarki batean hartu du parte berriki, hor ere dantzan.

Azken boladan Ibarran ez zaituzte gehiegi ikusiko, Madrilen ari zarelako ikasten.

Gabonetan eta udan beti itzultzen naiz eta aukera dudan guztietan ere bueltatzea gustatzen zait.

Zein izan da zure ibilbidea dantza munduan?

Euskal dantzak ikasten ari nintzen Alurr dantza taldean. Nire arrebak hasi ziren lehenik, eta gero, gurasoek ni ere apuntatu egin ninduten. Txikitatik dantza oso gustuko nuenez, dantza klasikoan, balletean hasi nintzen muturra sartzen, eta horrela gerturatu nintzen dantza garaikidera. Eta behin, 18 urte bete eta nondik joan nahi nuen erabakitzeko momentua iristean, nahiko argi ikusi nuen dantzak asko ematen zidala eta saiakera hori egin nahi nuela.

Gaztetxotatik argi zenuen dantzaria izan nahi zenuela?

Bai, halaxe da. Egia esan ez dakit zergatia, baina hori nuen buruan, eta aurrera jarraitzea erabaki nuen. Egia esan asko disfrutatzen dut dantzarekin.

Dantza txapelketetan ere parte hartutakoa zara gazteagotan.

Bai, 9 urte ingururekin, aurresku txapelketarako dantzak lantzen hasi nintzen Iñaki Agirre irakaslearekin, eta ondoren, urte batzuk egin nituen txapelketa ezberdinetara aurkezten. Txapel batzuk lortu nituen bai. Gero, Segurako Dantza Txapelketan behin hartu dut parte, Izaro Urrestarazurekin batera.

Zehazki zer da ikasten ari zarena?

Dantza garaikideko formazio profesionala egiten ari naiz, Mariemma izeneko kontserbatorioan. Sei urteko formazioa da eta laugarren ikasturtea egiten ari naiz.

Nola egiten duzue lan kontserbatorio horretan?

Arratsaldez izaten ditugu klaseak. Normalean, 21:30ak ingurura arte egoten gara, 6-7 ordu inguruan dantzan. Normalean, dantza klasikoko balleteko klasearekin hasten gara berotu eta esnatzen joateko. Eta gero, teknika ezberdinak lantzen ditugu: graham, yoga, inprobisazioa... Tartean, klase teorikoak ere baditugu: dantzaren historia, musika, anatomia.. Egia esan nahiko formazio osatua da.

Ikuskizunak eta prestatzen dituzue?

Bai, baina egia esan nahi baino gutxiago. Nik beti diot, txikitan, herriko dantza taldearekin emanaldi gehiago egiten nituela orain baino. Ikasturteak pasa ahala emanaldi gehiago prestatzen ditugu, eta eskertzen da, izan ere, dantzariok horretan egiten dugu lan, eta ez bazaigu erakusten publiko aurrean dantzan nola egin, benetako momentua iristean kosta egiten da askotan.

Zer moduzkoa da Madrilgo bizimodua?

Asko gustatu zait. Irailetik aurrera beste lekuren batera mugitzea pentsatzen ari naiz, eta pena emango dit, izan ere, hemen dagoen bizitza erritmoa gustatu egiten zait. Erraza da jendearekin harremana egitea. Uste dut lehenago edo beranduago itzuliko naizela.

Datorren ikasturterako, beraz, aldaketa bat pentsatzen ari zara?

Formazioan oso gustura nago, baina iruditzen zait aldaketa txiki bat ondo etorriko zaidala. Oraintxe bertan, audizioak egiteko denboraldia da eta emaitza batzuen zain nago jakiteko irailean non egongo naizen. Aukera gehien, ordea, Iruñeko La Faktoria zentroan dut. Ea lortzen dudan.

Orain gutxi, Ikeako iragarki batean hartu duzu parte. Nola sortu zaizu aukera?

Madril hiri handia izanda ere, dantza munduan gabiltzanok elkar ezagutzen dugu, eta horrelako castingak ateratzen direnean mundu guztiak hartzen du parte. Hasieran, ezezkoa eman nuen, lotsagatik edo, baina azkenean, bideoa bidaltzera animatu nintzen. Sorpresaz jaso nuen berria; bigarren faserako deitu ninduten, hirugarrenerako ere bai, eta iragarkian pertsonaia bat antzezteko aukera izango nuela esan zidaten. Grabatu genuen iragarkia, eta hortxe nago orain, telebistan, bost segundoero nire aurpegia ikusten.

Iragarkirako dantzariak eskatzen zituzten?

Bai, beraiek argi zeukaten dantzarekin zerikusia zuen iragarki bat egin nahi zutela, eta koreografo batzuekin kontaktatu zuten. Iragarkian agertzen garen ia denak dantzariak gara.

Dantzariak eta aktoreak badute zerikusirik?

Bai, geroz eta gehiago gainera. Gaur egun ikusten diren ikuskizunak nahasketak izaten dira maiz: antzerkia, teatro fisikoa, dantza... diziplina desberdinen nahasketa bat. Niri, pertsonalki, asko kostatzen zaidan eremua da, dantzako ikasketetan ez baitigute gehiegi erakusten aurpegiera edota ahotsa nola landu. Horrelako esperientzia txikiekin, ordea, joango naiz ikasten.

Zer moduz grabaketa eguna?

Nik tarte txiki batean hartu dut parte, eta egun batean bakarrik joan behar izan nuen grabaketa egitera. Berezia izan zen; Ikeako denda baten barruan grabatu genuen, gauez. Izan ere, egunean zehar ireki egin behar zuten denda, beraz, 22:00ak aldera joan nintzen 07:00ak ingurura arte. Sekulako argiztapena jarri zuten, eguna zela irudikatu ahal izateko. Eta eskerrak ile apaintzaileak eta makillatzaileak zeuden gu txukundu ahal izateko.

Non ikusten duzu zure burua etorkizunean?

Momentuz interprete moduan, dantzari moduan ikusten dut nire burua. Hemendik urte gutxi batzuetara koreografo ezberdinekin lanean ikusten dut nire burua. Sortzaile edo koreografo moduan probatzeko gogoa ere badut. Azken aldian ideia asko ditut buruan, eta guztiak apuntatzen ari naiz, etorkizun batean landu ahal izateko.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!