Unai Iribar irabazle, Santikutz Klasikoan

Imanol Garcia Landa 2021ko mai. 6a, 07:57
Unai Iribar Santikutz Klasikoaren helmuga igarotzen. ANGEL ELORTZA/GOIERRIKO HITZA

Legazpiko proban gailenduta, lehen aldiz irabazi du Espainiako Kopan ibartarrak.

Unai Iribar txirrindulari ibartarrak bere palmaresaren zakuan beste proba bat gehitu du, aurreko larunbatean Legazpiko Santikutz Klasikoan irabaztea lortuz. «Azkenaldian pedal kolpe ona hartua dut eta horrekin batera emaitzak iristen ari dira», esan du Iribarrek. Honenbestez, Espainiako Kopako proba bat lehenengo aldiz irabazi du Iribarrek. Bere taldea, Laboral Kutxa, ez da talde finkoa Espainiako Kopan, eta inguruan egiten diren probetan parte hartzeko gonbidapena jasotzen dute.

Proba «oso gogorra» izan zela dio txirrindulari ibartarrak. Ibilbidearen azken partean aldaketa batzuk sartu zituzten antolatzaileek, aurreko urteetakoekin alderatuta, eta gogortu egin zuten. Euria eta kazkabarra ere izan zuten, eta eguraldiak ere gogortu zuen lasterketa. Azken partean gora eta behera egiten zuen ibilbideari aurre egin behar izan zioten txirrindulariek, eta azken igoeran Iribarrek ihes egin zuen eta bigarrenarekiko metro batzuen aldearekin iristea lortu zuen helmugara.

Igandean ez zuen atsedenik izan ibartarrak eta Abiatzen Torneoaren barruan sartzen den Urrakiko Igoeran parte hartu zuen, bosgarren eginez. Emaitza horrekin Abiatzen Torneoaren sailkapen nagusiko lehen postua puntu batera du.

Aurtengo erronka berezietako bat 23 urtez azpiko Italiako Giroa izango du Iribarrek. Laboral Kutxak gonbidapena jaso zuen, eta oraindik ez bada ofizialki zabaldu bertara joango diren taldeko txirrindularien zerrenda, Iribar bertan izango da. Taldearekin parte hartuz egiten den nazioarteko proba nagusiena da.

Unai Iribar, podiumean, garaipena ospatzen txapela jantzita. ANE GARMENDIA/GOIERRIKO HITZA

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!