PSE-EEko zinegotziak adimen desgaitasuna duen pertsona bat kontratatzeko eskatu du

Ataria 2021eko apirilaren 30a

Fernando Narcisok mozio bat aurkeztu du "Ibarrako Udala inklusiboagoa izan dadin".

Fernando Narciso PSE-EEren zinegotziak adimen-desgaitasuna duten pertsonak udalean kontratatzeari buruzko mozioa erregistratu du gaur goizean. Udal gobernuari kreditu aldaketa bat egiteko eskatu dio, Pauso Berriak programaren bidez adimen-desgaitasun funtzionala duen pertsona bat urtebetez kontratatu ahal izateko.

"Desgaitasun larria eta anizkuna duten pertsonak daude, baina adimen-desgaitasuna duten pertsona askok autonomia handia dute, eta euren eguneroko bizitza aurrera ateratzeko ez dute laguntza askorik behar", gaineratu du zinegotziak. Hori dela eta, "jada administrazio publiko asko lan-integraziorako eredu izaten ari dira. Besteak beste: Donostiako, Irungo, Andoaingo eta Arrasateko udalek lankidetza-hitzarmenak sinatu dituzte Gureak eta Atzegi erakundeekin Pauso Berriak programan parte hartzeko", gaineratu du.

Esan du, hitzarmen horren bitartez, Gureak eta Atzeki erakundeekin elkarlanean jarduteko konpromisoa hartzen dutela udalek. "Hala, erakunde horien eskura jartzen dituzte erabiltzaileari agintzen dizkioten eginkizunak gauzatzeko honek behar dituen udal-bulegoak eta lan-ingurunea. Gainera, Pauso Berrik programa garatzeko dirulaguntza emateko konpromisoa hartzen dute".

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!