Hitanoa lantzeko ikastaroa antolatu dute Ibarran

Ataria 2021eko apirilaren 21a

Maiatzeko lehen astean hasiko da eta ordu eta erdiko lau saio egingo dituzte; doan izango da eta izena 'online' eman behar da.

Hitanoa praktikatzeko ikastaroa antolatu dute Ibarran Hauspoa Kultur Elkarteak eta herriko Euskara Batzordeak, Deabruak Kalera asanblada feministaren eta Galtzaundi Euskara Taldearen laguntzarekin. Ikastaroari hasiera maiatzean emango zaio, eta interesa duten guztiei zabalduta dago; ez da maila bereizketarik aurreikusten, hau da, hitanoa jakin edo ez, edonork izango du joateko aukera eta saioak doan izango dira.

Maiatzeko lehen astean hasiko da ikastaroa, lauzpabost asteko iraupena izango du, eta ordu eta erdiko iraupena izango du klase bakoitzak. Izena eman nahi dutenek labur.eus/ibarrahika estekan sartu eta bertako formularioa bete beharko dute. Jasotako erantzunen arabera erabakiko da asteko zein egunetan eta zein ordutan izango den.

Izan emakume zein gizon, izan adinez helduago zein gazteago, izan hitanoa inoiz entzun gabea zein tarteka batzuekin erabiltzen duena; hitanoa hobetu nahi dutenek edo zalantzak argitu nahi dituztenek "aukera paregabea" dute Ibarran hizkuntza erregistroa lantzeko.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!